Simone Ragusi izango da Ampo Ordiziako entrenatzaile berria
Ordizia Rugby Elkarteak Suso Romerok ez zuela jarraituko iragarri ondoren, gaur jakinarazi du Simone Ragusi izango dela entrenatzaile berria. Ordiziako kirol proiektua “indartzera” datorrela azaldu du klubak.
Simone Ragusi izango da Ordizia Rugby Elkarteko lehen taldearen entrenatzaile berria 2026-2027 denboraldirako. Hala jakinarazi du sare sozialetan zabaldutako mezu batean klubak: “Hiru laurdeneko lerroko entrenatzaile bezala espezializatua, gure kirol proiektua indartzera dator”.
Irlandatik dator Ragusi, eta jokalari zein entrenatzaile gisa nazioarteko ibilbide luzea du bizkar gainean. Orain, Ordizian izango da eta klubak azaldu du irrikaz hartuko dutela: “Ilusioz gainezka gaude taldeari eta harrobiari emango dion guztiagatik”.













