Gipuzkoako Itzulia Idiazabalen hasiko da, eta Seguran bukatu
Igandean afizionatu mailako Ataungo San Martin 61. proba jokatuko da.
Gipuzkoako 35. Klasikoaren podiuma, iaz, Seguran. Hitza Gaur hasi eta astelehenera bitartean, junior mailako 36. Gipuzkoako Itzulia, Irizar Sari Nagusia jokatuko da Gipuzkoako errepideetan. 33 taldetako 189 txirrindulari ariko dira lehian. Taldean izango dira Goierriko bi talde Ampo eta Bellota. Lau etapatan, 290,8 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek.
Hasi eta bukatu, Goierrin egingo da. Idiazabalen izango da lehen etapa, gaur, 17:15ean. Erlojuz kontrako prologoa izango da. 30 segundoko tartearekin aterako dira txirrindulariak Kale Nagusitik, 2,1 kilometroko ibilbidea osatzeko.
Bigarren etapa, Mendaro-Mendaro izango da, 105,3 kilometrokoa eta hirugarrena, Andoain-Andoain artekoa, 107,3 kilometrokoa.
Azkena, Seguran
36. Gipuzkoako Itzuliko azken etapa ere, Goierrin izango da. Datorren astelehenean, ekainaren 22an, Seguran, 16:00etan hasita, 76,1 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Goierriko errepideetan. Bost mendate igo beharko dituzte: 22,5. kilometroan 3. mailako Lierni; 32,5. kilometroan 3. mailako Atagoiti; 38,5. kilometroan hirugaren maila Aztiri; 56,2. kilometroan bigarren mailako Barbari; eta 67,5 kilometroan, 2. mailako Meategietako mendatea. Hiru tarteko helmuga puntu ere izango dituzte Segurako plazan, 11., 17. eta 48. kilometroetan.
Sei sari
Sailkapen nagusiko liderrak Irizar kooperatibaren saria jasoko du, liderraren elastiko horiarekin batera. Bestalde, erregulartasunaren, mendiko saria eta tarteko helmugen liderren elastikoez gain, lehen urteko lehen sailkatuak eta lehen gipuzkoarrak ere saria izango dute. Sari banaketa ekitaldia Seguran egingo da. 18:00ak aldera aurreikusten da lasterketa amaitzea.
Igandean, Ataunen
Beste txirrindu lasterketa bat ere izango da igandean Goierrin: elite eta 23 urtez azpikoen 61. Ataun San Martin proba, Gipuzkoako Txapelketarako puntuagarria. Aizkoate elkarte parean 08:45ean hasi eta 12:00ak aldera bukatuko da, 130 kilometroko ibilbidea osatu ondoren. Abaltzisketako mendatea hiru aldiz igo beharko dute eta Lazkaomendi eta Urkillaga (124. kilometroan), behin.













