Goierriko bi bertsolarik parte hartuko dute aurtengo edizioan, Mikel Tapia ataundarrak eta Maialen Akizu urretxuarrak. Eskolarteko txapelketa etzi jokatuko da Azpeitiko Soreasun
Maider Arregi, joan den urteko Argi-Berri sariaren irabazlea.
Etzi jokatuko da Argi-Berri elkartean Osinalde sariketarako bigarren bertso saio puntuagarria. Bi bertsolari onenek lortuko dute finalerako eskubidea, eta entzuleek erabakiko dute nori eman Argi-Berri saria. Gabiriako finalerako Zaldibiako kanporaketa geldituko da ondoren, apirilaren 8an. Aztiriako kanporaketa, martxoaren 25ean egin zuten eta Aratz Igartzabal eta Eneko Araiztegi sailkatu ziren finalerako. Osinalde sariaren finala, Gabirian egingo da apirilaren 22an.
Bihar Maider Arregi (Oñati), Mikel Lasarte (Barañain), Markel Eizagirre (Zarautz), Maialen Akizu (Urretxu), Mikel Tapia (Ataun) eta Aitor Servier (Azkaine) arituko dira bertsotan. Mikel Retolaza busturiarra ere saioan aritzekoa zen, baina ezin duenez, Osinberden kantatzekoa zen Servier ariko da bere ordez.
Bertso saioaren aurretik afaria izango da (20:30ean) eta txartelak erosteko 649 011 262 telefonora deitu behar da. Bertso saioa 22:30a aldera hasiko da.
Zaldibiako kanporaketa Osinberde elkartean izango da eta bertan ariko dira Jon Gurrutxaga (Azpeitia), Unai Mendizabal (Zizurkil), Mikel Retolaza (Busturia), Aitor Bizkarra (Abadiño), Ane Beloki (Legazpi) eta Peru Abarrategi (Aramaio).
Eskolartekoa
Apirilaren 2an, igandea, goizeko 11:00etan Azpeitiko Soreasu antzokian egingo den Eskolarteko txapelketaren finalarekin emango zaio hasiera Gipuzkoako Bertso Eskolen Egunari. Eskolartekoa apirilaren 17an hasi zen, eta Legazpin, Lasarten, Oñatin, Altzon eta Orion bost kanporaketa jokatu ondoren, zortzi bertsolari izango dira finalean: Urko Arregi, Libe Goenaga, Oihana Arana, Jokin Irastorza, Andoni Mujika, Ane Beloki, Iker Ormazanal eta Itziar Mendia. Euskal Herriko Eskolartekoa Saran (Lapurdi) jokatuko da ekainaren 10ean..
Gipuzkoako finala bukatuta, Azpeitiko plazan emango zaio jarraipena Bertso Eskolen Egunari: jolasak, antzerkia, bertso musikatuak… izango dira.