Korrika 20ren alde ekitaldi sorta egingo da Goierrin asteburuan, herri askotan

Gaintzan herri bazkaria eta jaialdia antolatu dituzte, biharko. Legorretan bertso afaria izango da gaur, bost bertsolarirekin. Lazkaon eta Zaldibian, kale giroa, talogileak eta diru bilketak
Gaintzan kalejira, herri bazkaria, musa eta ipuinak dituzte.

Gaintzan kalejira, herri bazkaria, musa eta ipuinak dituzte.

Korrikaren 20. ekitaldia atzo hasi zen, Otxandion (Bizkaia). Batzuk leloarekin, apirilaren 9an Iruñean bukatu arte, 2.535 kilometro egingo ditu Euskal Herrian. Goierrira bukatu bezperan iritsiko da, apirilaren 8ko goizaldean. Asteburu honetan, ordea, Korrikaren erritmoa bizituko da, herri askotan antolatutako ekitaldiekin.

Gaintzan, bihar, jaialdia egingo dute Korrika 20ren alde. 12:00etan Korrika Txikia izango da, Plazatik Oteñera, eta handik Kaletxikira bueltan, tragoak hartuz. Ander eta Josu trikitilariekin joango dira.

Herri bazkaria 14:00etan da, trikitilariek girotuta. Korrikan Gaintzaren lekuko eramailea izendatzeko zozketa burutuko dute. 17:00etan mus txapelketa izango da, Onbiden. Pello Añorgak ipuinak kontatuko ditu.

Legorretan, gaur, Korrika Kulturalean bertso saioa egingo dute, Gaztetxeak antolatuta, 22:30ean. Bertsolariak Manu Goioaga, Gemma Urteaga, Asier Azpiroz, Unai Gaztelumendi eta Beñat Iguaran izango dira.

Lazkaon eta Zaldibian gaur

Lazkaon, gaur talo jana izango da, plazan (18:00). Diru bilketa eta ere egingo dute, eta Korrikaren materiala erosi ahalko da. Lartxaiko bertso afaria eta igandeko Lazkao Txiki Gogoan ekitaldia ere Korrikaren egitarauan sartu dituzte. Korrika Txikia eta jolasak ostegunean dira, plazan.

Zaldibian, gaur, Beti-Gazte elkarteak Korrikarentzat dirua bilduko du, 18:00etatik 20:00etara. 20:30ean triki-poteoa izango da.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend