Kale Nagusiko proiektua prest
Oinezko bihurtzeko bigarren faseari uda partean helduko dio udalak. 57 legazpiarrek botoa eman dute. Bi aukeren artean bat hautatu, eta hori burutuko da
Kale Nagusia bere osotasunean oinezko bihurtzeko proiektuaren bigarren faseari heltzekoa da Legazpiko Udala. Bi aukera zeuden mahai gainean eta aukera horien artean hautatu zuten lehenengo Agenda 21eko foroko kideek nahiz merkatariek. Lehenengoek A aukeraren alde egin zuten eta bigarrenek B aukeraren alde. Egoera horrek bultzatuta bozketa legazpiarrei zabaldu zietela diote udaletik eta 57 herritarrek botoa eman ondoren, B aukera gailendu da.
Kalearen bukaeran egongo den itxitura mota izan da aukera bakoitzaren arteko aldearen funtsa; batean eszenatoki bat aukeratu dutena eta bestean egoteko bi gune zeuden. Eric Galvez hirigintza zinegotziak dioenez, «aldea, batik bat, estetikoa zen». Proiektua Zentralab arkitektura estudioak egin du eta bere kostua 14.515 eurokoa izan da BEZ gabe.
Herritarrek aukeratu duten proiektuan, itxituran harmailak izango dituen eszenatoki bakarra ipiniko dute. Galvez zinegotzia pozik agertu da legazpiarrek parte hartze prozesuari emandako erantzunarekin: «Parte hartu duten legazpiarrei eskerrik beroena eman nahi diegu».
Proiektuaren bueltan egindako parte hartze prozesuan botoa eman duten legazpiarren artean zozketa bat egin dute eta Jesus Mari Osinaldek irabazi du bertako dendetan gastatzeko 50 euroko erosketa txartela.
Kale Nagusiko bigarren ata-lean zama-lanetarako bi gune jarriko dituzte, beste bi gune atseden hartzeko eta egingo dituzten harmaila horiek mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo dira. Hain zuzen, egokitzapen hori Eiluz elkarteko ki-deek eta beste hainbat legazpiarrek hala eskatuta egingo dutela adierazi dute udaletik; eskaera hori aurreko apirileko Agenda 21eko foroan egin zuten.
Kale Nagusiak, bere amaieran, eskualdeko errepidearekin egiten du bat. Muga eremu horretan altzairuzko aurrealdea izango duen egonleku bat eraikiko dute, adin txikikoak errepidera atera ez daitezen.
Legazpiko Kale Nagusia oinezko egiteko bigarren fasearen proiektuaren esleipenaren zenbatekoa 580.000 eurokoa da. Horietatik Legazpiko Udalak 457.000 euro hartuko ditu bere gain eta beste 123.000 Gipuzkoako Urak enpresak ipiniko ditu.
Orain lanak burutzeko eskaintzak jasotzeko epea ireki du udalak. Uztailean kontratazio mahaia bildu eta eskaintzen artean bat aukeratuko dute hari lanak esleitzeko. Behin esleipena eginda lanei ekingo diete.













