Oihana Iguaranek irabazi du Leitzako saioa eta zuzenean sailkatu da final erdietarako. Iñaki Apalategik 3. egin du, eta Nerea Elustondok 2. Seguran; puntuka sailkatzeko aukera dute
Bertsolari Txapelketa Nagusiko 3. final laurdenetako saioa, Leitzan. // (Gari Garaialde / Bertsozale Elkartea)
Goierriko bertsolariek bi hitzordu izan dituzte asteburuan, Bertsolari Txapelketa Nagusian. Seguran eta Leitzan jokatu dituzte final laurdenetako saioak. Seguran, bigarren gelditu zen Nerea Elustondo. Leitzan, berriz, Oihana Iguaranek irabazi zuen, eta Iñaki Apalategi hirugarren gelditu zen. Iguaran zuzenean sailkatuko da final erdietarako; Durangon ariko da azaroaren 12an. Beste biek, puntu guztiak batu arte itxaron beharko dute.
Saio borobila egin zuten igandean Leitzako pilotalekuan bildutako sei bertsolariek. Goitik joan zen saioa, eta baita puntuak ere. Idiazabalen bizi den Oihana Iguaran amasarrak irabazi zuen saioa, eta zuzenean sailkatu da hurrengo faserako. Iñaki Apalategik ere ez du urruti sailkatzeko aukera; hirugarren gelditu zen beasaindarra, 678,5 punturekin, Agin Labururen atzetik.
Seguran, Jon Martin nagusi
Nerea Elustondok 2. egin zuen.
Segurako saioa koska bat beheragotik joan zen, bai bertsolarien jardunaren eta bai puntuazioen aldetik ere. Jon Martin oiartzuarra izan zen punturik gehien jaso zuena, 673,5 guztira. Nerea Elustondok bigarren egin zuen, 655,5 punturekin. Hark ere puntuazio guztiak batzeko zain egon beharko du final aurrekoetara sailkatu ote den jakiteko, baina aukerak izan baditu.
Segurako Baratze pilotalekua goraino bete zen larunbatean, 700 bertsozaletik gora bildu baitziren saioa ikusteko. Ez zen bertsoarekin lotutako ekitaldi bakarra izan, Bertso Eskolen Eguna ere ospatu baitzuten larunbatean Seguran. Elorripe tabernan egindako bertso saioaz gain, bazkaria, jolasak eta kontzertua ere izan zituzten egunean zehar.
Bestalde, Bertsozale Elkarteak atzo jarri zituen salgai finalaurreko saioetako eta finaleko sarrerak
berrosarrerak.eus webgune berrituan.