Beasain Kirol Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea ireki dute
Hiru bide daude hautagaiak aurkezteko: Beasain mugikorreko aplikazioan, udalaren webgunean edo Antzizar Kiroldegiko harrera gunean.
Beasain Kirol Elkartea, 2025eko Beasaingo Kirol Sari Nagusia.Izaro Villarreal Beasain Kirol Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea ireki dute. Herritarrek zein kirol elkarteek azaroaren 15era arte izango dute epea beren proposamenak egiteko.
Epaimahaia azaroaren 17an elkartuko da erabakia hartzeko, eta saridunen aitortza publikoa abenduaren 29an egingo dute, sari-emate galan, Igartzako Jauregian.
Udalak azaldu duenez, “kirolaren bidez Beasainek bere balio nagusiak erakusten ditu —esfortzua, elkarlana eta harrotasuna—” eta sarien ekimena “herri osoak bere kirolariei adierazten dien esker on kolektiboa da”. Hiru bide daude hautagaiak aurkezteko: Beasain mugikorreko aplikazioan, udalaren webgunean edo Antzizar Kiroldegiko harrera gunean.
Bi atal nagusi dituzte Beasain Kirol Sariek. Batetik, Urteko Kirol Sarietan, herritarrek proposatutako hautagaien artean epaimahaiak aukeratuko ditu irabazleak, eta haien artetik erabakiko du Sari Nagusiaren jabea. Kategoria hauek hartzen ditu barne: emakumezko kirolaria edo taldea, gizonezko kirolaria edo taldea, kirol jardunaldia eta erakunde babeslea. Bestetik, Ohorezko Kirol Sariak udalak bere eskumenen bidez banatuko lituzke egoki iritziko balu, Kirol Ibilbideari Ohorezko Saria eta Ohorezko Beasain Saria emanez.












