Urbasan gertatu da dena oraingoan
Mari Romero idazle legazpiarrak ostegunean aurkeztuko du bere azken lana, 'Cuando baje la niebla' izenburukoa. Urbasa inguruko parajeetan kokatzen da istorioa, gertakari misteriotsu bat eta guzti.
Mari Romero, bere azken liburua esku artean duela.Josu Altzelai Mari Romeroren (Quintana de la Serena, Extremadura, 1958) idazteko grinak ez du etenik, eta seigarren eleberria esku artean du dagoeneko. La raya del pantalon argitaratu eta urte betera, hemen da Cuando baje la niebla. Letrame argitaletxearekin kaleratu du hau ere, eta salgai dago Legazpin bertan Apatxo liburu dendan eta Mimaru lore dendan, baita plataforma digitaletan ere. Etzi aurkeztuko du, ostegunarekin, Kultur Etxean, 19:00etan.
Mari Romero beti lagunez inguratuta agertzen da aurkezpenetan. oraingoan, Maria Jesus Arroyo koinata eta Ana Burguera ikasle ohia izango ditu ondoan. Amaieran, sorpresaren bat ere izango da.
Azken nobela honetan ukitzen dituen gaiak ere sakonak dira, bere ibilbide guztian bezala, «bulling-a agertzen da, eta gazte batentzako bere lekua ez aurkitzea zer den ere azaltzen dut». Gainera, liburuaren protagonista, drogaren munduan erori den Jokin anaia laguntzen ibiltzen den Malen da. Baina gai sozial horiez gain, misterioak ere badu lekua traman, «irakurleei asko gustatzen zaie misterio kontuak».
Urbasako aldapan paseatzen doan batean, Malenek hildako bat ikusten du bazterrean, eta gertaera horrek gogora ekarriko dio urte batzuk lehenago sufritu zuen guztia. Atzera salto hori bere aitona-amonaren garairaino joaten da, eta horrek aukera ematen dio Romerori Andaluziaraino bidaiatzeko.
Gai sozialak eta Urbasa
Romerok bere bizitzan arrasto sakona utzi duten guztiei eskaini die liburua, «nire ikasle guztiak sartzen ditut hor [irakasle izan da urte luzez Olamendi ikastetxean], baina batez ere gauza bategatik edo beste bategatik bidea oso zaila izan dutenak ditut gordeta, eta bereziki horiei zuzenduta dago nobela hau». Joxerra lagun minari ere eskaini dio; hori ere irakasle izan zen, eta duela urte gutxi hil zen.
Gaiak, trama, protagonistak… eta kokapenak ere garrantzi handia du Cuando baje la niebla nobelan. Nafarroaraino joan da oraingoan Romero, eta «Urbasako mendizerra protagonista paisajistikoa da, lainoa bereziki». Hain justu, Urdiaingo lagun batzuen etxean bazkaltzen ari zela lainoa jaisten ari zenean sortu zitzaion liburu honetarako ideia. Gainera, bere idazle ibilbidearen hasierara ere jo du. Txikitan Altsasun bizi zen, ganbara batean, eta garai hartako bizipenak jasotzen zituen La casa de la buhardilla liburua izan zen bere debuta idazle gisa.
Zazpigarrena, bidean
Hura izan zen lehen liburua. Aita Hilariorengandik jaso zuen idazteko zaletasuna, «aita beri ari zen poesia idazten», gogoratu du, «eta nik ere txikitatik idazten nituen ipuinak, eta mojetan ikasten ari nintzela, idazlanak gustuko nituen. Lehiaketaren bat bazegoen ere, joaten nintzen, Zumarragako Legazpi eskoletara, edo Eibarko Coca Cola lehiaketara… Idaztea pila bat gustatzen zitzaidan, poesia ere bai».
Los nuevos vecinos ipuinak jarri zuen mugarria zaletasun horretan 2014an. Orduko Domingo Agirre ikastetxea ordezkatuz, Ecoembes erakundearen Los profes cuentan lehiaketa irabazi zuen, eta saria bere gelako ikasle guztiekin konpartituta, «danok joan ginen Madrilera saria jasotzera, eta Almudena Grandesek eman zigun.
La casa de la buhardilla etorri zen ondoren, Altsasuko bizipenak jasotzen zituena, eta horrela, etzi aurkeztuko duen Cuando baje la niebla tituluraino; tartean argitaratu ditu ¿Por que no nos dejais entrar?, El pintor de sonrisas, Etxetorre Goikoa, donde no existe el olvido, eta La raya del pantalon.
Zazpigarren liburua ere bidean du Romerok. «La casa de la buhardilla liburuaren jarraipena izango dan. Horretan duela gutxi hi zaidan Isa ahizpa agertzen da asko; omenaldi txiki bat da». Altsasu utzi eta Legazpira iristean, geltokitik etxe berrira egin zuen bidea gogoratzen du. «Nik ez nuen etorri nahi, eta aitak, animatzeko, esaten zidan logelan leiho bat izango nuela, kanpokoa ikusteko. Eta logela berria munduko politena iruditu zitzaidan, handik zume negarti bat ikusten zelako». Horregatik deitu dio Un sauce en mi ventana.














