«Dena nahi dugu, baina gizakion beharrak urriak eta sinpleak dira»
Ane Miralles ordiziarrak Eskandinavia zeharkatzeko espedizioan parte-hartu zuen orain 27 urte, Josu Iztuetarekin batera. Esperientzia hura eta bertan bizitakoak izango dituzte hizpide ostegunean, 19:00etan, Barrenan.
Ordiziako Mendi eta Abentura ekimenaren barruan eskainiko dute Hiru pauso Hiru norabide ikus-entzunezkoa. Bidaiak, bizikidetza eta gizakion benetako beharren inguruan gogoeta egiteko aukera emango duela aurreratu du ordiziarrak.
Ordiziarra zara, nahiz eta urte gehiago eman dituzun Lezon. Zer da zuretzat herrira itzultzea?
Ez da aurreneko aldia. Nongoa naizen galdetzen didaten aldiro, ordiziarra naizela erantzuten dut, Lezon urte gehiago eman ditudan arren. Garbi daukat sustraiak Ordizian ditudala: familia, haurtzaroko lagunak, oroitzapenak eta urteetan pilaturiko esperientziak. Lotura berezi hori ez da hautsi, eta herrira itzultzea ederra izaten da beti; aspaldian ikusi gabeko jendearekin elkartzea, ezagunekin denbora partekatzea eta harremanak berritzea.
Mendi Abentura Astearen barruan ariko zara. Zein garrantzia dute halako ekimenek?
Beti egiten dut zalantza gonbidatu gisa esperientziak partekatzearen inguruan. Bizimodu normala daukat, eta nire bizipenak arruntak dira niretzat, baina kontatzen ditudan esperientziak publikoak nola hartzen dituen ikusterakoan ohartzen zara agian zerbaitetarako balio dutela. Kontatzen duzunak eragina izan dezake jendearengan, eta abenturak partekatzeko modua ez ezik, herriarekin loturak eraikitzeko modua ere bada. Hori da politena.
«Bizipen ezberdinak izan genituen; guztiak bereziak bezain politak»
Orain 27 urte egindako espedizio batekoak kontatuko dituzu Josu Iztuetarekin batera, 3 pauso 3 norabide izenburupean.
Hala da bai. Hiru pauso egin genituen orain 27 urte: hiru etapa, hiru garraiobide, hiru garai eta hiru talde ezberdinekin. Parte-hartzaileak ez ginen hiru etapetan berdinak izan, baina hirurak Eskandinavian egin genituen, Oslotik (Norvegia) abiatuta. Lehenengo etapa eskiekin egin genuen, Nordkapp-eraino, sei laguneko taldean. Bigarrena, berriz, piraguan, Helsinkiraino, lau lagunez osatutako taldean. Eta hirugarrena, azkenik, bizikletaz, Kirkeneseraino, Errusiako mugaraino, sei lagunekin. Bidaiatzeko hiru modu ezberdinetan, hiru norabide hartzeko aukera izan genuen, abiapuntu beretik. Josu [Iztueta] eta biok hiruretan izan ginen.
Zergatik Eskandinavia?
Batetik, Europan bertan dagoelako; eta bestetik, guk hainbeste maite ditugun elurra eta hotza eskaintzen dituelako. Zirkulu polarra zeharkatzen duzu, horrek dakarren guztiarekin: gauaren eta egunaren iraupena, besteak beste. Bertako kultura ere berezia da, gurearekin antzekotasun handiak baititu.
Hilabete asko igaro genituen han, eta bertako kulturarekin harreman estua izateko aukera izan genuen. Esperientzia eta bizipen oso ezberdinak izan genituen, baina guztiak bereziak bezain politak.
Zein irakaspen atera zenuen espedizio hartatik?
Talde txiki batean elkarbizitza ez da beti erraza izaten, are gutxiago baldintza deseroso edota ezohikoetan egonda. Norbera bere ekarpena egiten ahalegindu behar da, helburuak partekatu, eta etxeko erosotasunetik urrun zaudela kontuan hartu. Egoera horietan guztietan besteekin harremantzen jakin behar duzu, baita bertako jendearekin ere. Egungo bizimoduan dena eskura izatera ohitu gara: dena behar dugu, eta dena nahi dugu aldi berean. Espedizio batean, ordea, konturatzen zara gure benetako beharrak oso sinpleak eta urriak direla. Izan ere, elurretan kilometro mordo bat egin ondoren nekatuta iristen zarenean, babesa da behar duzun gauza bakarra. Babesa, eta leku goxo bat, jateko zerbait eta hotzetik babesteko arropa.
Nolabait, gehiegi deshumanizatu garela uste dut. Azken batean, animaliak gara, eta animalia gisa ditugun premiak oso oinarrizkoak dira. Premia horiek esperimentatzea eta benetan behar dugunaz ohartzea izugarria izan da niretzat. Egin ditudan esperientzia guztietan, hain justu, hori bizitzea eta horretaz jabetzea izan da oparirik ederrena: funtsean, bi gauza soil dauzkazu, eta maiz horietako bat ere soberan dago, edo albokoarekin konpartitzen duzu.














