Errigora, herrialdeen arteko zubigintza lantzen
Nafarroa hegoaldeko nekazal produktuen bidez euskalgintza lantzeko sortutako proiektua kanpaina berriarekin dator. Zubigintza eta herrilana oinarri hartuta, laguntza sarea zabaltzen jarraitzen dute.
Pasa den urteko ErrigoraGo kanpainan produktuen eskaintza zabaltzeko apustua egin zuten, eta aurten ere bi saski mota jarriko dituzte aukeran, zuria eta beltza. Guztira, Erriberako 25 ekoizlek parte hartu dute, beraien produktuak eskainiz, iaz baino 3 gehiagok.
Saskiak eskatzeko bi bide egongo dira. Goierriko ohiko puntuetan edo herri bakoitzeko arduradunekin harremanetan jarrita eska daitezke. Internet bidez ere badago eskaerak egiteko aukera, errigora.eus webgu-nean. Azaroren 14a da eskaerak jasotzeko azken eguna, eta banaketa, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo dute.
Kanpainak irauten duen bitartean, Errigoraren karpa herriz herri ibiliko da Euskal Herri osoan zehar, Errigora ekimena zer den erakusteko eta kanpainaren berri emateko, eta bide batez, «euskal herrien arteko zubiak» sendotzeko.
34
Goierriko eskaera puntuak. Errigorako saskiak eskatu eta jasotzeko 34 puntu antolatu dituzte Goierrin, udazkeneko kanpainari begira. Eskatzeko puntuak: · Arama. Herriko ostatua. · Ataun: Troskaeta taberna. · Beasain: Basakana, Antzizar, Goiztiri AEK euskaltegia, Andramendi ikastola eta Herri Denda. · Ezkio-Itsaso: Udaletxea. · Gabiria: Herriko ostatua. · Idiazabal: Xume taberna. · Itsasondo: Kaxintane taberna. · Lazkao: Gerriko liburudenda eta San Benito ikastola. · Legazpi: Katilu taberna, Arantxa okindegia, Haztegi ikastola. · Legorreta: Olaso taberna. · Mutiloa: Herriko ostatua. · Olaberria: Zezilione taberna. · Ordizia: Goierriko Baratza, Argi Berri elkartea, Jakintza ikastola eta Goiztiri AEK. · Ormaiztegi: (zehazteko). · Segura: Elorripe taberna eta udaletxea. · Urretxu: Motz eta Frontoi tabernak, eta UZ ikastola. · Zaldibia: Joxepane taberna. · Zegama: Haizea taberna. · Zerain: Mandio eta Ostatu tabernak. · Zumarraga: Saski taberna. Lantokiak · Ampo, CAF, Indar, Orkli eta Irizar.













