Irungo Artaleku kiroldegian kantatuko du 17:00etan. Duela lau urte finalean aritu zen beasaindarra. Nerea Elustondo legazpiarra larunbatean lehiatuko da Maule-Lextarren
Aitor Sarriegi bertsolari beasaindarra.
Bertsolari Txapelketa Nagusia aurrera doa, eta dagoeneko finalaurrekoak jokatzen hasi dira. Aurreko saioetatik sailkatutako bertsolariekin batera, duela lau urteko finalean parte hartu zuten bertsolariak sartu dira lehian. Aitor Sarriegi beasaindarraren kasua da horixe. Bigarren finalaurreko saioan parte hartuko du bihar Irungo Artaleku kiroldegian, 17:00etatik aurrera. Sarriegirekin batera, Aimar Karrika, Alaia Martin, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Unai Agirre ariko dira kantuan, Maite Berriozabal gai jartzailearen esanetara. Irungo saiorako txartel guztiak salduta daude.
Aitor Sarriegi beasaindarrak txapelketa nagusiko lehenengo saioa du biharkoa. «Dudak beti egoten dira, martxan datorren zerbaitera nola sartuko zaren, martxan doan tren batera igotzea bezala da. Batzuk zurrunbiloan oso sartuta egongo dira eta ni orain arte kanpoan egon naiz. Horrek ere sortzen dizkit tximeleta batzuk. Tentsio gora beheratsukoak izaten dira egunok», azaldu du beasaindarrak. Dena den, gogotsu dago: «Azkenekoa izango da eta ondo bukatu nahi nuke».
2013an Euskal Herriko finalean izan zen Sarriegi, baina ez du uste horrek presioa sortzen dionik: «Ez dut uste, ahalik eta ondoena egin nahiko nuke, eta saio on bat egingo ez banu zapore mingotsarekin geratuko nintzateke. Guk ahal duguna egingo dugu, eta ea zortea alde daukagun».
Elustondo larunbatean
Bestalde, Legazpiko Nerea Elustondok larunbatea, Maute-Lextarren (Zuberoa) kantatuko du finalaurrekoko saioa, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue, Julio Soto eta Beñat Iguaranekin batera. Goierriko beste bi ordezkariak, Iñaki Apalategi eta Oihana Iguaran, azaroaren 12an, Durangon ariko dira.