Ordu erdi barru hasiko da Gabiria eta Legazpiko XX. Rallysprinta
Goizean zehar egiaztapenak egin ondoren, hiruretan ekingo diote pilotuek ibilbideari. Enrique Barrenetxea, Gorka Antxustegi eta Txus Jaio jotzen dituzte faboritotzat
Ordu erdi barru hasiko da XX. Rallysprinta Gabiria eta Legazpi artean. Goizeko 9:00etatik 14:00etara Legazpiko Euskal Herria Plazan egon dira ibilgailuak, egiaztatzeak egiten, eta 14:00etan hasi dira irteera gunera gerturatzen. 15:00etan ekingo dio lehen dortsaldun pilotuak zirkuituari, Gabiriako Korta Erretegitik. Denboraldiko lehen proba da gaurkoa pilotuen egutegian. Aurten aldaketa nabarmenekin dator, izan ere, ibilbidearen bi kilometrotan trazatua zabaldu eta asfaltatu egin dute. 74 pilotuk hartuko dute parte aurten, eta nahiz eta emakumezko piloturik ez egon, inoiz baino emakume kopilotu gehiago izango dira, 17 hain zuzen ere. Izen handiko pilotuek hartuko dute parte gaurko frogan, eta Enrique Barrenetxea, Gorka Antxustegi eta Txus Jaio hartzen dituzte faboritotzat.
Hainbat goierritarrek ere parte hartuko dute: Iñigo Alustiza gabiriarra eta Jon Etxeberria eta Xabat Goikoetxea legazpiarrak adibidez. Arazorik egon ezean, lehen pilotua 19.30ak aldera iritsiko dela aurreikusten dute. Sari banaketa Legazpiko plazan izango da, 20:30etan.