Bide Berdeko landareak platerean
Nazioarteko Bide Berdeen egunean, ibilaldi gidatua eta tailer gastronomikoa bateratu dituzte Mutiloan eta Ormaiztegin. Liernitik abiatuta, Bide Berdean, 5 kilometroko ibilbidean, hainbat landare bildu dituzte Clara Gutierrez biologoak eta etnobotanikariak gidatuta. Kutsadurarik ez dagoen lekuetan bildu behar direla gogorarazi du. Ondoren, Mutioloako elkartean, sukaldatu eta dastatu egingo dituzte.
Asunak, llantena, bitxiloreak, malba, uztaua… denetik bildu, hainbat plater prestatu eta dastatuko dituzte. Asuna adibidez, eguneroko dietan sartu beharreko landarea dela uste du Gutierrezek. “Europan komertzializatu egiten dute. Bitamina ugari ditu eta odolaren zirkulazioarentzat, kolesterolarentzat oso onuragarria da. Mineral poltsa bat dela esaten da”. Asun landarearen puntako lau hostoak dira osasungarrienak. Mutiloako elkartean, tenpuran, tortillan eta arrozarekin prestatuko dituzte.
Uztaua, berriz, espinakarekin parekatu du; “espinaka baino hobea da, mineral gehiago ditu”. Entsaladan jango dute, besteak beste, bitxiloreekin, mihiluarekin eta llantenarekin batera. Malba, berriz, patatekin prestatuko dute, “porru patatak bezala”.