Sagarraren zikloan sakonduko dute tailerren bitartez. Goierri garaiko komunitatea eta baserri museoaren jarduna hurbildu nahian, bertako sagar uzta zanpatuko dute dolarean
Sagarrak dolarera botatzen, zanpatzen hasi aurretik // Argazkia: Jose Benegas
Gaur hasiko da Igartubeiti baserri museoko 17. Sagardo Astea. Dolarea martxan jarriko dute, baina asmoa da, urteko hitzordu soila izan beharrean, udazkenetik negura bitartean garatzen den prozesu guztiaren azalpena ematea, baita jarduerei segida ematea ere. Hala, Kizkitza Ugarteburu Igartubeitiko arduradunaren hitzetan, «dolarea martxan ipintzearen prozesua bere testuinguru sozialean, kulturalean eta jasangarrian kokatu nahi dugu».
Helburu horrekin aurtengo Sagardo Astearen ekitaldian lantegiak, sagar erakusketak eta dastaketak egingo dituzte. Izan ere, sagarra jo aurretik sagarrondoak eta haien loraldia zaindu behar dira eta sagar aleen hazkundea zein bilketa egin behar dira, besteak beste. Gero, prentsatzea eta upeletan gertatzen den zukuaren hartziduraren ondoren, Barrikote festa egingo dute martxoan. Gaur hasiko den Sagardo Astean prozesu horri guztiari erreparatu nahi diote eta prozesua aintzat hartzerakoan ezinbestekotzat dute bertako komunitatearekin lankidetza.
Aurtengoa ez da sagar urte ona izan. Alabaina, lehenengo aldiz bertako sagarrak zanpatuko dituzte dolarean. Hiru baserrietako uzta bilduta, 1.290 kilo sagar lortu dituzte, den-denak Ezkiokoak eta ingurukoak. «Aurrera begira bertako sagarrekin lanean jarraitzeko asmoa daukagu».
Bertako komunitatea
Izan ere, Ugarteburuk adierazi duenez, «Sagardo Asterako osatu dugun egitarauak eragina du bertako gizarte sarean». Goierri garaiko Karmakros antzerki taldeko aktoreek antzezpenak egingo dituzte etzitik urriaren 14ra bitartean Igartubeitin, 11:30etik aurrera. Antolatu duten argazki lehiaketa ere Urretxuko Argazkia eta Legazpiko Ikatza argazkilari elkarteekin lankidetzan egingo dute.
Sagardo Asteak ekintza gehiago hartuko ditu. Aurreko egunetan Juan Mari Beltranekin kirikoketaren inguruko bi lantegi praktiko egin dituzte Igartubeitin, «jendea hain gustura ibili da datorren urtean lantegiok errepikatzea eskatu digutela».
Urriaren 27an, 4 urtetik gorako haurrak dituzten familiei zuzenduta, Rafa Gorrotxategi gozogileak gidatutako
Sagar tentagarriak lantegi gastronomikoa egingo dute. Izena eman daiteke jada Igartubeiti museoan. Azaroaren 25ean, bestetik,
Sagarretik sagardora. Sagardotik ozpinera lantegia eskainiko dute Santi Lasa sukaldariak eta Jakoba Errekondo agronomoak. Helduei zuzendutako tailerra da eta parte hartzeko izena eman daiteke.
Gaurtik urriaren 19ra arte dolarea martxan ikusteko aukera dago Igartubeitin. Astegunetan toki guztiak hartuta daude jada, baina datorren astebururako tokiak daudela esan du Ugarteburuk. Santa Lutzitik igotzeko autobus zerbitzua jarriko dute auto pilaketak ekiditeko.