Aitor Casado legazpiarrak 'Salam Aleikum Legazpi' ikus-entzunezkoa emango du gaur kultur etxean, 19:30ean. Aurrez Haztegi ikastolako LHko 4. mailako ikasleei eskaini, eta haien jakin-minari erantzun zien.
Aitor Casadoren odoletik bidaiekiko pasioa barreiatzen da. Ez da soilik bidaia, munduko hamaika txokotan ikusten eta ikasten duena zabaltzeko xedea baitu. Legazpiar batek baino gehiagok jarraipena egiten die haren bidaiei, «maiatzean udan nora joatekoa naizen galdetzen dit batek baino gehiagok, eta bada gure bitartez inoiz ezagutuko ez dituen tokiak ezagutu dituela esan didan pertsona bat ere; horregatik bakarrik merezi du».
Legazpiarrak toki askotara eraman ditu Casadok jada. Izan ere, bidaiak egin eta ondoren ikus-entzunezkoak osatzen ditu jasotako irudiekin zein musikekin. Honezkero Islandiara edo Etiopiara eraman ditu eta, oraingoan,
Salam Aleikum Legazpi ikus-entzunezkoan hainbat herrialde musulmanetan barrena eramango ditu biharko ikus-entzunezkoan.
Biharko emanaldiaren istorioa Izadi Zaleak mendi elkarteko irteera batean hasi zen. Islandiari buruzko emanaldira zenbait haur joan ziren eta ama batek Casadori Haztegi ikastolan emateko zer edo zer prestatzeko eskatu zion. Haztegiko irakasleekin hiz egin ondoren Islamari buruz ikasten ari zirela eta egokiena herrialde musulmanei buruzko ikus-entzunezkoa izan litekeela esan zioten.
Maroko, Uzbekistan, Turkia eta India irudietan eman zizkien LHko 4. mailako ikasleei eta esperientzia «zoragarria» izan zela dio Casadok: «Haurrek gelan gaia ondo landuta zuten eta nik telebistan edo egunkarietan ikusiko ez duten ikuspegi bat eman nahi izan nien. Ehundaka galdera egin zizkidaten, asko eta asko oso interesgarriak». Batik bat, janzkera, ohitura, bizimodua, etxeak, azokak eta abarrek sortu zuten haurren jakin-mina eta, finean, gauzen zergatia galdetu zioten Casadori.
Hurrengoa, Indonesia
Izan ere, Casadoren asmoa ikus-entzunezkoekin ez da bere burua egindako bidaiaren zentroan jartzea, «gure bloga anonimoa da, guk gure begiak jartzen ditugu ikusten ditugun tokietan dagoena besteei erakusteko. Ez zaigu interesatzen nortzuk garen azaltzea ezta zer egiten dugun ere». Hala, haurrentzako ikastolan eta bihar kultur etxean egingo duen emanaldian ere, lau herrialde musulman horietan nola bizi diren, zein ohitura dituzten edota arkitektura erakutsiko ditu. «Lau herrialde nahiko ezberdinak dira. Denak musulmanak diren arren, eta gure aurreiritzi askoren kontra, aniztasuna nagusitzen da», azpimarratu du.
Aurreko udan Indonesian egon da, «musulman gehien dituen herrialdea da». Aitzitik, ez du Indonesiako argazkirik sartu gaur eskainiko duen ikus-entzunezkoan, «nahikoa material nuen eta Indonesiari buruzko ikus-entzunezko oso bat emango dut martxoan». Casadoren jarraitzaileak beraz, adi egon daitezela. Beste proiektu bat egiteko asmoa duela aipatu du, baina oraindik sukalde lanetan dabil eta ez du haren berri eman.