Urretxuko Smartlog enpresak 17 gaztek txirrindularitza lanarekin eta ikasketekin uztartzea lortu du
Talde profesionalekin akordioak lortu nahi dituzte. Errendimendu handiko zentroa jarriko dute martxan.
Smartlog Nest Cycling Teamek bere lehen denboraldia egin du, maila gorenean lehiatzea eta ikastea edo lan egitea bateragarriak direla erakutsiz. Hori da, hain zuzen ere, Urretxuko talde horren ardatz nagusia.
17 txirrindularietatik 11k ikasten jarraitu dute, eta gainerako seiek lan egiten dute. Horietako bik Smartlogen. Inork ez dio bere etorkizun profesionala eraikitzeari utzi behar izan lehiatzen jarraitzeko. Horrez gain, laguntza akademikoa eta benetako lan aukerak eskaini dizkie txirrindulariei. Txirrindulari bakoitzari bere egoerara egokitutako laguntza eskaini dio, familiekin, ikastetxeekin eta enpresekin koordinatuta.
Lehen denboraldi honetan, Smartlogeko profesionalek errefortzu klaseak eman dizkiote txirrindulari bati, eta beste batek enpresan egin ditu bere titulazioari dagozkion nahitaezko praktikak. Beste bik Smartlogen lan egin dute, batek Marketin eta Komunikazio arloan eta besteak Bulego Teknikoan. Bigarrenak txirrindularitza uztea erabaki du eta Smartlogeko lantaldean sartu da behin betiko.
Ikasketak eta lana kirolarekin uztartzeak are garrantzi handiagoa izango du 2027an. Taldeko txirrindulari batek Smartlogen programa duala egiteko aukera aztertzen ari dira. Gainera, fitxaketetako batek adostuta du dagoeneko enpresan praktikak egiteko kontratua.
Egitura indartsua
Smartlog Nest Cycling taldeak amateur mailako txirrindularitzan ohikoa ez den egitura eta espezializazio maila ditu, gainera. Taldeak kirol zuzendaritza, prestakuntza fisikoa, mekanika, nutrizioa, fisioterapia, psikologia eta laguntza akademikoa biltzen ditu, finantza eta komunikazio arloez gain.
Datorren denboraldian, taldeak mediku bat izango du txirrindulari guztien osasun beharrei erantzuteko. Medikuak diagnostiko proben jarraipena egingo du eta txirrindulari bakoitzari arreta pertsonalizatua eskainiko dio, taldeko gainerako profesionalekin koordinatuta.
Diziplina anitzeko taldeari esker, txirrindularien kirol beharrei, ikasketa beharrei eta behar pertsonalei modu koordinatuan erantzuten zaie. Denboraldian zehar, coaching saioak eta Smartlogeko profesionalekin topaketak egin dituzte, presioa kudeatzen, erresilientzia lantzen eta lidergoa eta talde lana garatzen ikasteko. Saio horien bidez, kirolean eskuratutako balioak lan munduan ere baliagarriak direla ikusi dute.
«Kirol ibilbidea amaitzean beraien etorkizuna eraikitzeko gai diren pertsonak hezi nahi ditugu»
Xabier Zubizarreta. Smartlog Groupeko CEOa
Proiektuak Orbea, Etxeondo, Volvo, Arregui, Hummel, TrainingPeaks, Cicleon, Born, Arribe Cycling, Aike eta Euriteken babesa du. Datorren denboraldian, kolaboratzaile nagusien inplikazioa areagotuko du, haien ezagutza txirrindularien garapenaren zerbitzura jartzeko.
Kirol emaitzak ere onak izan dira. Taldeak 80 lehiaketa egun egin ditu. Lau garaipen, zazpi lurralde eta estatu mailako titulu eta hemezortzi podium lortu ditu. Horretaz gain, txirrindulariak 60 aldiz sailkatu dira laugarren eta hamargarren postuen artean. Gainera, Smartlog Nest Cycling Team bigarren izan da Espainiako Kopako taldekako sailkapenean.
2027an, lehiaketa egun gehiago eta maila handiagoko probak izango dituen kirol egutegiari aurre egingo diote. Talde profesionalekin akordioak lortzeko lanean ere jarraituko dute, maila horretara jauzi egiteko prest dauden txirrindularien garapena errazteko. Indartze horren helburua Smartlog Nest Cycling Team 23 urtez azpiko txirrindularien lehen aukera izatea da.
Horretarako, datorren denboraldian Urretxuko Nest errendimendu handiko zentroa jarriko dute martxan, Smartlogen Berrikuntza eta Talentu Zentroaren barruan. Espazio horretan prestakuntza fisikoa, errekuperazioa, nutrizioa, fisioterapia eta jarraipen biomekanikoa bilduko dira. Gainera, eraikin berean ikasgelak, berrikuntza guneak eta Smartlogeko profesionalak egongo dira.
Emakumezkoetara zabaldu
Smartlog Nest Cycling Teamek gauzak egiteko moduagatik izan nahi du ezagun. Eredu hori oinarrizko mailetara eta emakumezkoen txirrindularitzara zabaldu nahi ditu. «Ez dugu txapeldunak bakarrik sortu nahi, kirol ibilbidea amaitzean beraien etorkizuna eraikitzeko gai diren pertsonak hezi nahi ditugu», azaldu du Xabier Zubizarreta Smartlog Groupeko CEOak.













