Duda-mudako eguraldia bazegoen ere, 576 lagunek parte hartu dute Idiazabalgo XXXI. Herri Krosean. David Martin lasartearra gizonezkoetan eta Nerea Etxeberria azpeitiarra emakumezkoetan, izan dira azkarrenak. Gizonezkoetan lehia estua izan da David Martin irabazlearen eta Joanjo Igartzabal zumarragarraren artean. Igartzabalek badaki zer den Idiazbalen irabaztea, eta aurten ere aurreneko postuaren bila atera da, baina Martinek lasterketa bikaina egin du eta 21 segundo atera dizkio bukaeran; 32:17ko denbora egin du Lasartekoak. Honenbestez, Igartzabalek eta hirugarren egin duen Patxi Urizarrek osatu dute podiuma. Emakumezkoetan ez da halako lehiarik ikusi. Nerea Etxeberria azpeitiarrak alde handiarekin irabazi baitu proba, 39:41eko denbora eginda. Bigarren sailkatua, Eneritz Sein pasaitarra, minutu eta hogei segundora sartu da. Estela Biain oñatiarrak osatu du podiuma. Idiazabalgo XXXI. Herri Krosaren sailkapena eta argazkiak ikusgai daude lasterketak.com webgunean. SAILKAPENA Gizonezkoak David Martin (Lasarte) 32:17 Joanjo Igartzabal (Zumarraga) 32:38 Patxi Urizar (Villabona) 34:02 Emakumezkoak Nerea Etxeberria (Azpeitia) 39:41 Eneritz Sein (Pasaia) 41:02 Estela Biain (Oñati) 41:15