Aztiriaren lehena plazan da, ‘Lehengo Aztiri’ liburuarekin
Hirurogei-bat lagunen aurrean atera zen igandean Lehengo Aztiri liburua kulturgintzaren plazara eta auzotarren eskura. Jose Luis Ugarte eta Aitor Azpiazu ikertzaileek landu eta Legazpiko Burdinola elkarteak argitaratu du ia 300 orrialdeko lana. Aztiriarrek irrikaz itxaroten zuten liburua igande eguerdian eskuratu ahal izan zuten Aztiri-Bat elkartean. Langintza oparoa eta luzea izan du argitara irten aurretik. Ugartek gogoratu du Burdinola elkartearen arreta guneetako bat Aztiria izan dela betidanik. «Legazpi inguruko auzoei buruzko lanak egiten hasi ginen duela hainbat urte, Brinkola, Telleriarte… Eta orain Aztirikoa iritsi da», esan zuen Ugartek. Liburuaren atzean denbora askoko dedikazioa dago; «hasieran ez genuen pentsatzen hainbesterako lana egiterik, baina jakingai asko atera da». Artxiboetan araka aritzeaz gain etxez etxe ibili dira. Berrikuntza ugari aurkeztu ditu Lehengo Aztiri liburuak Aztiriaren eta bere eremuaren gainean. Batetik, sorburuaren hipotesia; bi mila urte atzerago hastapena nolakoa izan zitekeen adierazten duten hariak lotu dituzte; Aztiri izenaren -iri osagaia, herrixka harresitu edo gotortua adieraz lezakeena; burdingintzaren garrantzia –zepadiak, peabideak, haizeolak, meategiak, karobiak eta harrobiak–, edo pasabide funtzioa bete duen lepoa izatea. Done Jakue bidea handik zihoan aztarnak ere atera dituzte, ermitaren gurpena Santa Marinari izatea tartean. Ermita zaharraren kokapen zehatza finkatzerik ez dute lortu, baina gaur egun Santamarina piñurie deitzen den basoan zegoela ziurtatu [...]
Hirurogei-bat lagunen aurrean atera zen igandean Lehengo Aztiri liburua kulturgintzaren plazara eta auzotarren eskura. Jose Luis Ugarte eta Aitor Azpiazu ikertzaileek landu eta Legazpiko Burdinola elkarteak argitaratu du ia 300 orrialdeko lana. Aztiriarrek irrikaz itxaroten zuten liburua igande eguerdian eskuratu ahal izan zuten Aztiri-Bat elkartean.
Langintza oparoa eta luzea izan du argitara irten aurretik. Ugartek gogoratu du Burdinola elkartearen arreta guneetako bat Aztiria izan dela betidanik. «Legazpi inguruko auzoei buruzko lanak egiten hasi ginen duela hainbat urte, Brinkola, Telleriarte… Eta orain Aztirikoa iritsi da», esan zuen Ugartek. Liburuaren atzean denbora askoko dedikazioa dago; «hasieran ez genuen pentsatzen hainbesterako lana egiterik, baina jakingai asko atera da». Artxiboetan araka aritzeaz gain etxez etxe ibili dira.
Berrikuntza ugari aurkeztu ditu Lehengo Aztiri liburuak Aztiriaren eta bere eremuaren gainean. Batetik, sorburuaren hipotesia; bi mila urte atzerago hastapena nolakoa izan zitekeen adierazten duten hariak lotu dituzte; Aztiri izenaren -iri osagaia, herrixka harresitu edo gotortua adieraz lezakeena; burdingintzaren garrantzia –zepadiak, peabideak, haizeolak, meategiak, karobiak eta harrobiak–, edo pasabide funtzioa bete duen lepoa izatea.
Done Jakue bidea handik zihoan aztarnak ere atera dituzte, ermitaren gurpena Santa Marinari izatea tartean. Ermita zaharraren kokapen zehatza finkatzerik ez dute lortu, baina gaur egun Santamarina piñurie deitzen den basoan zegoela ziurtatu dute, Eztanda eta Katarain baserrien artean. Egungo elizak 130 urte ditu.
Etxez etxeko errepasoa egiterakoan XIX. eta XX. mendeko istorioak eman dituzte argitara. Etxeaundi baserrian kide askoko familia osoa nola desagertu zen –tisi gaitzagatik ziurrenik–, eta gertakariak Joana Matraka sorginaren kondairari nola eman zion bide, aurten 103 urterekin hil den Rogelia Zubia auzotarraren ahotik jasoa. Goikoetxen ere antzeko zorigaitza izan zen. Edo Lizardiko gizona otsoak hil zuenekoa, Mutiloako festetatik etxera zihoala; XIX. mendearen bukaeran kokatu dute eraso hura.
Etxerik etxe osatutako lana
Aurkezpenean gogoan izan zituzten lehenago Aztiriaren berri plazaratu zuten Julian Alustiza bertako semea, eta Martin Ugarte Saletxe idazle legazpiarra, On egiñaren obaria eleberria aztiriarrengan inspiratuta dagoelako. Alustizaren anaia Pedro hartu du Azpiazuk etnografia ikertzerako orduan berriemaile. Hari egindako lau elkarrizketak osatzen dute liburuaren bigarren zatia.
Aztiria auzoa osatzen duten 26 etxeren berri eman dute liburuan, asko gaur egun desagertuak eta ezezagunak –Gorosabel auzuneko Etxatxo, Gorosabel edo Kootxal eta Barrengara, adibidez–. Baztarretxen dolarea zegoen aipamenak lortu dituzte, bai dokumentalak, bai hitzezkoak. Bestetik, gaur egun Aztiria ulertzen den kaskoa –ermita eta jatetxeak daudena– lehenago Loidi bezala izendatzen zuten, «lokaztia edo istinga izango zelako. Jatorrizko Aztiria Etxeaundi, Etxetxo, Garakoetxe multzoa da», argitu zuen Ugartek.
Adi segi zituzten baserri horietako askotako bizilagunek aurkezpeneko ikertzaileen azalpenak herenegun, liburua erosi eta eskain ziezaieten eskatu aurrez.
Ekitaldia bukatzeko Aztiri-Bat elkarteko lehendakari Jokin Matxinandiarenak laburbildu zuenez, «Aztiria dagoeneko ez da lokaztia, benta ez da lehorra –Bentalegor du berezko izena–, eta auzoak bizia du». Izan ere, Legazpi eta Gabiria udalerrietan banatuta, 30 bat etxebizitza eta baserri daude gaur egun ere Aztirian.
Azterketa sakona dago herenegun edonoren eskura, Aztiriaz eta aztiriarrei buruz gehiago jakiteko. Liburua 20 euroan salduko dute, eta Legazpiko liburu-dendetan jarriko dute salgai.