Bertako haragia kontsumitzeko eskatu dute EHNEko nekazariek
Euskal Herria osasuna galtzen ari da ekimenaren barruan, haragi merkeak arazoak ekar ditzakeela ohartarazi die kontsumitzaileei EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna elkarteko kideek. Beasainen egin duten agerraldian, “kostuen azpitik saltzen den haragiaren jatorria” zein den ez dakitela ohartarazi dute, eta “harakinek hemengo haragiaren aldeko apustua” egin beharko luketela adierazi dute.
Garikoitz Nazabal EHNEKo haragi saileko kideak jakinarazi duenez, ezinezkoa bihurtzen ari zaie bertako nekazariei txekorrak saltzea. Egoera larriena Goierrin eta Tolosaldean bizi dutela gaineratu du zaldibiarrak, “kanpoko haragia izugarri ari delako sartzen hemengo merkatura”. Egoeraren erantzuleak “kanpoko haragiarekin lan egiten duten komertzialak eta harakinak dira”.
Ekoizpen gastuen azpitik saltzen da haragia EHNEkoen arabera, eta hori nekazarien “minbizia” dela salatu dute gaurko agerraldian. Kanpotik datorren haragiarekin ez fidatzeko ere adierazi diete kontsumitzaileei: “Datorren prezioan datorrenerako, guk ez genuke haragi hori jango”. Modu naturalean ekoitzia izan den animalia baten kalitatea bermatzeko kostu batzuk daudela jakinarazi dute, eta hemen saltzen den haragi hori ez dela kofidantza berdinekoa.
Pieza bakoitzak bere etiketa
Bertako produktuen kalitatea ere azpimarratu nahi izan dute abeltzainek, txekor bakoitza jaiotzen den momentutik ekoizpena kalitatezkoa izaten delako, eta baserrietatik hasi eta produktuak kontsumitzailearengana iristen direnerako hainbat kontrol igarotzen dituelako haragiak. “Beste produktuek berriz, inondik inora ez dituzte baldintza horiek betetzen”. Produktu horiek saltzerakoan ordea, ez direla behar bezala bereiztuta eta identifikatuta egoten azaldu dute, eta kontsumitzaileei eskatu die haragia erosterakoan haragi pieza bakoitzak izan behar duen etiketa exigitzeko harakinari.
Etiketen kasuan ere zer egina badagoela uste dute EHNEkoek, legeak eskatzen dituen kontrolak ez direlako egiten. “Orain bost-sei dela urtetik, salmenta puntu guztietan haragi pieza bakoitzak etiketatuta egon behar du. Txekorra non jaioa eta ekoitzia izan den eta non hil den adierazi behar da etiketa horretan, ondoren saldu ahal izateko”. Legea ez dela betetzen uste dute eta behingoz neurriak hartzeko eskatu dute, “gutxienez jendeak jakin dezan zer ari den erosten”.
“Eskaintza miragarriekin kontuz”
Goierrin eta Tolosaldean egiten diren “eskaintza miragarriekin kontuz” ibiltzeko ere eskatu dute. Lehen sektorearekin lotura zuzena izan duten hainbatek egiten dituzten eskaintza izugarriekin adi ibiltzeko jakinarazi dute, “zer erosten ari diren jakin behar dutelako, batez ere bailara hauetan”.
Egoera honekin amaitzeko, eta “kate hori apurtzeko”, harakinak eta haragia saltzen dutenak zeinen alde egin nahi duten erabakitzeko ordua dela adierazi du Nazabalek: “Lehen sektorearen alde egin nahi duten edo sektorearen heriotzaren erantzule izan nahi duten erabakitzeko ordua da”. Nekazariek konpromisoa eskatu diete harakinei eta haragia saltzen dutenei, “bertako ekoizleekin lan egiteko eta ehuneko-ehunean bertako txekorraren alde egiteko”.
Produkzio kostuen igoera
Goizean Beasainen egin duten agerraldian produkzio kostuen “izugarrizko igoera” ere salatu dute EHNEko kideek. “Gestio Datuen zentroak emandako datuen arabera txahal baten kostua kanal kiloko 4,2 euro inguruan dago, eta gu, momentu honetan, txekorrak saldu ezinda gabiltza”. Horregatik prezioa 5 eurora igotzeko garaia dela diote, “guk ere bizi behar dugulako”. Txekorrak era naturalean hazten jarraitzeak sortzen dituen kostuak ordaintzeko “prezio duina” eskatzen dute.