Aralar, “ordiziarrentzako Ordizia helburu”
Orain lau urte bezalaxe, Mikel Leunda da Aralarren hautagaia Ordiziako Udalerako. Orduko hartan Ezker Batuarekin joan zen koalizioan Aralar, eta Leunda zinegotzia izan da bukatzear den legegiltzaldian. “Ordiziarrentzako Ordizia nahi” dutela dio Aralarrek herri programan, “ezkerreko planteamendu abertzaleak” jorratuko dituena. “Emakume eta gizonentzat aukera berdinak eskainiko dituen herria izatea da gure helburua, gure herriko aniztasuna aintzat hartuko duena, sufrimendu guztiei erantzuna emango diena, bakea helburu nagusi hartuta”. Euskaraz bizitzea ahalbidetuko duen Ordizia eraiki nahi du Aralarrek, “benetako parte hartzea” sustatuz. “Hori da nire konpromisoa, gure konpromisoa”. Lan ardatz nagusiak Zerbitzuen eta enpresa publikoen “kudeaketa zuzena” egitea proposatzen du Aralarrek, eta diru publikoaren “kudeaketa eredu eraginkor eta gardena” egingo dutela, “austeritatea” ikur hartuta. Kultur azpiegiturak berritzearen aldeko apustua egiten du Aralarrek. “Liburutegia eta antzokia modernizatu behar da, arte eszeniko eta plastikoen zentroa eginez”. Horrez gain, kultur elkarteentzako lokalak egokitu eta ludoteka zabaltzeko beharra aipatzen ditu. Hezkuntza arloan, berriz, udal haurreskolako plaza kopurua handitu behar dela uste du Aralarrek, “egun dagoen eskaerari erantzun ahal izateko”. Kirol elkarteei diru laguntza handitzea ere proposatzen du. “Biolentzia matxista guztion arazoa” dela, eta horri “guztion artean aurre” egin behar zaiola iritzi dio. Gizarte arloko beste gaia San Jose egoitzarena da. Egoitza berria eraiki eta egunezko zentroa [...]
Orain lau urte bezalaxe, Mikel Leunda da Aralarren hautagaia Ordiziako Udalerako. Orduko hartan Ezker Batuarekin joan zen koalizioan Aralar, eta Leunda zinegotzia izan da bukatzear den legegiltzaldian. “Ordiziarrentzako Ordizia nahi” dutela dio Aralarrek herri programan, “ezkerreko planteamendu abertzaleak” jorratuko dituena.
“Emakume eta gizonentzat aukera berdinak eskainiko dituen herria izatea da gure helburua, gure herriko aniztasuna aintzat hartuko duena, sufrimendu guztiei erantzuna emango diena, bakea helburu nagusi hartuta”. Euskaraz bizitzea ahalbidetuko duen Ordizia eraiki nahi du Aralarrek, “benetako parte hartzea” sustatuz. “Hori da nire konpromisoa, gure konpromisoa”.
Lan ardatz nagusiak
Zerbitzuen eta enpresa publikoen “kudeaketa zuzena” egitea proposatzen du Aralarrek, eta diru publikoaren “kudeaketa eredu eraginkor eta gardena” egingo dutela, “austeritatea” ikur hartuta.
Kultur azpiegiturak berritzearen aldeko apustua egiten du Aralarrek. “Liburutegia eta antzokia modernizatu behar da, arte eszeniko eta plastikoen zentroa eginez”. Horrez gain, kultur elkarteentzako lokalak egokitu eta ludoteka zabaltzeko beharra aipatzen ditu. Hezkuntza arloan, berriz, udal haurreskolako plaza kopurua handitu behar dela uste du Aralarrek, “egun dagoen eskaerari erantzun ahal izateko”. Kirol elkarteei diru laguntza handitzea ere proposatzen du.
“Biolentzia matxista guztion arazoa” dela, eta horri “guztion artean aurre” egin behar zaiola iritzi dio. Gizarte arloko beste gaia San Jose egoitzarena da. Egoitza berria eraiki eta egunezko zentroa handitzearen aldekoa da Aralar. “Familia ugariak eta guraso bakarrekoak ere kontutan izango dituen neurri sozial eta fiskalak jarriko ditugu”.
Herritarren parte hartzea
Aralarrek hirigintza plan berria egitea bultzatuko du, eta San Bartolome auzoan urbanizazio berria egin nahi du. “Irisgarria den herria nahi dugu, oinezkoei lehentasuna emango diena”. San Joan auzoko babes ofizialeko etxeen %50 alokairu sozialekoa izatea nahi dute, eta hutsik dauden etxeen errolda egingo duela iragarri du. Udaleko proiektu guztiak auzotarren eta elkarteen parte hartzearekin egin behar direla uste du Aralarrek.














