Aukera zabala herritarrentzat
Zegaman bederatzi zinegotzi aukeratuko dituzte herritarrek maiatzaren 22an (horietatik bat alkate izendatuko dute gero). Bost taldek aurkeztu dituzte zerrendak, baina hiru dira herritarrek osatutakoak: Aralar, Bildu eta Zegama Lantzen. Aralarren nahia «benetako» parte-hartzea bultzatzea da, erabaki esparruak herritarrei zabalduz, plenoak ordutegi egokian eginez eta aurrekontu parte-hartzaileak bultzatuz. Gazteek Zegamako Udaleko politikan parte aktibo izan behar dutela ere uste du. Hirigintza pertsonen zerbitzura jarri behar dela eta, eraikitako etxeen gehiengoa babes ofizialekoa izan behar dela dio Aralarrek. Bestalde, gazteen emantzipazioa errazteko alokairu soziala bultzatu nahi du etxe hutsen «zentsu efektibo bat» eginez, eta etxebizitza bihur daitezkeen lokalen inguruko araudia malgutuz. Aitor Zabaleta buru duen alderdiak uste du krisiari ezkerreko irtenbidea ematea ezinbestekoa dela. «Langabeziak gehien erasan dituen adin tarteetan eraginez zein lagunduz, eta gure herriaren desberdintasunak ahalik eta gehien murrizten dituen ereduaren alde apustu eginez». Herriaren behar eta nahi kulturalak antzeman eta horiek asetzea bilatuko duen plan bat abian jarri nahi du, eta inguruko herrien elkar lana eta auzolana bultzatzea ere lehentasunen artean ditu Aralarrek. Bildu Bilduren ustez «herritarrek zuzenean parte hartuko duten Udala behar du Zegamak», eta horregatik Udalaren kudeaketa orokorrean aldaketak egin behar dira. Azpiegiturak plangintza orokor baten arabera eraikitzea planteatzen du Bilduk, «benetan zer behar den bizilagunekin aztertuz, [...]
Zegaman bederatzi zinegotzi aukeratuko dituzte herritarrek maiatzaren 22an (horietatik bat alkate izendatuko dute gero). Bost taldek aurkeztu dituzte zerrendak, baina hiru dira herritarrek osatutakoak: Aralar, Bildu eta Zegama Lantzen.
Aralarren nahia «benetako» parte-hartzea bultzatzea da, erabaki esparruak herritarrei zabalduz, plenoak ordutegi egokian eginez eta aurrekontu parte-hartzaileak bultzatuz. Gazteek Zegamako Udaleko politikan parte aktibo izan behar dutela ere uste du.
Hirigintza pertsonen zerbitzura jarri behar dela eta, eraikitako etxeen gehiengoa babes ofizialekoa izan behar dela dio Aralarrek. Bestalde, gazteen emantzipazioa errazteko alokairu soziala bultzatu nahi du etxe hutsen «zentsu efektibo bat» eginez, eta etxebizitza bihur daitezkeen lokalen inguruko araudia malgutuz.
Aitor Zabaleta buru duen alderdiak uste du krisiari ezkerreko irtenbidea ematea ezinbestekoa dela. «Langabeziak gehien erasan dituen adin tarteetan eraginez zein lagunduz, eta gure herriaren desberdintasunak ahalik eta gehien murrizten dituen ereduaren alde apustu eginez».
Herriaren behar eta nahi kulturalak antzeman eta horiek asetzea bilatuko duen plan bat abian jarri nahi du, eta inguruko herrien elkar lana eta auzolana bultzatzea ere lehentasunen artean ditu Aralarrek.
Bildu
Bilduren ustez «herritarrek zuzenean parte hartuko duten Udala behar du Zegamak», eta horregatik Udalaren kudeaketa orokorrean aldaketak egin behar dira. Azpiegiturak plangintza orokor baten arabera eraikitzea planteatzen du Bilduk, «benetan zer behar den bizilagunekin aztertuz, pribatizazioan erori gabe, eta beharretara moldatuz». Lehen sektoreari dagokionean, baserritarrekin auzolana bideratzeaz gain, euren produktuak saltzeko bideak ireki behar direla dio.
Bilduren ustez gazteak antola daitezen erraztasunak eman behar dizkie Udalak «baina kontrolatu gabe eta autonomia emanez». Turismoan berriz, Zegama «ekonomikoki itotzen duen turismo eredua bultzatzen da egun Udalean», eta Bilduren ustez «beharrezkoa da turismoak dakartzan ondasunen eta gastuen arteko balantzea egitea, eta proiektuak horretara egokitzea».
Bilduk dio Osakidetzako murrizketengatik, medikurik gabe geroz eta egun gehiagotan egoten direla, eta zerbitzua lehenera itzul dadin lan egin behar duela Udalak. Azkenik, herri eskola, kirol taldeak edo musika eskola elkarlanean jarriko dituen proiektu baten beharra ikusten du.
Zegama Lantzen
Zegama Lantzenek informazio panel digitala ipini nahi du udaletxe ondoan herritarrak informatuta edukitzeko.
Hirigintzan, bidegorria eta Gi-2637 Zegamaraino berehala irits daitezen Diputazioarekin harremanetan jarriko da. Ludoteka bat irekitzeko, haurreskola handitzeko, etxebizitza tasatuak egiten jarraitzeko eta Txarape zein Alderdi Eder urbanizatzeko asmoa ere badu. Bestalde, Aitxuri herri eskola handitzeko hitzarmena sinatuko du Jaurlaritzarekin. Gizarte Zerbitzuen barruan, langabezian dauden herritarrei laguntza ematea eta herritarrak dituzten beharrak antzematea zein zerbitzuak ezartzea lehenesten du.
Zegama Lantzenek Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren barruan «lortu den burujabetasunari eutsi eta Zegamaren interesen alde egiten jarraitu nahi du». Turismoan, Murgixarrin bungalowak egiteko asmoa du, eta San Adriango Mikelete etxea berritzeko proposamena eraman nahi du Partzuergora. Kirolean gimnasioaren erabilera bultzatzea, herri kirolak sustatzea, bolatoki berria egitea eta mendiko bizikleten txapelketa antolatzea ditu lehentasunen artean.













