Kilian Jornet eta Oihana Kortazar nagusi Zegama-Aizkorri mendi maratoian
Kilian Jornet katalanak irabazi du aurten ere Zegama-Aizkorri mendi maratoia, baina iaz baino gehiago sufrituta, izugarrizko beroa egin baitzuen. Hala, Jornetek ez zuen lortu Rob Jebbek ezarritako denbora gainditzea. Emakumezkoetan Oihana Kortazar Euskal Selekzioko kideak jantzi zuen txapela, baina hark ere ez zuen hobetu Emanuela Briziok jarritako marka. Helmugan sartzen lehen gizonezko goierritarra, Iker Zurutuza izan zen. Bigarren Aitor Conde sailkatu zen, eta hirugarren Juanjo Igartzabal. Emakumezkoetan Elena Calvillo izan zen lehen goierritarra, eta bigarrena Jaione Sasieta. Horrenbestez, Zurutuzak eta Calvillok jaso zuten Goierriko Hitza egunkariak emandako, Hitza saria. Omenaldia Goizeko bederatzietan 500 korrikalariak Zegamako herrigunetik lasterka abiatu aurretik, aurreko bederatzi probak orduaren barruan bukatu zituztenei omenaldi txiki bat egin zieten. Hamar gizonezko eta emakumezko bat dira balentria horren jabe, eta horietatik bi goierritarrak dira: Koldo Urrestarazu lazkaotarra eta Guillermo Pinillos zegamarra. Dantzariak Aurreskua dantzatu zuen, Andoni Egañak bertsotan azaldu zuen korrikalariek egindako lana, eta antolatzaileek oroigarri bana eman zieten. Omenaldia bukatu eta gutxira eman zioten hasiera probari. Gizonezkoen mailan lehia bizia ikusi ahal izan zen Kilian Jorneten, Tom Owensen eta Aitor Osa txirrindulari ohiaren artean. Ez zen errepikatu beraz, iazko irudirik, 2010ean Kilian Jornetek oso erraz irabazi baitzuen mendi maratoia, bigarrenari Aitor Osari ia 12 minutuko aldea aterata. Herenegun, [...]
Kilian Jornet katalanak irabazi du aurten ere Zegama-Aizkorri mendi maratoia, baina iaz baino gehiago sufrituta, izugarrizko beroa egin baitzuen. Hala, Jornetek ez zuen lortu Rob Jebbek ezarritako denbora gainditzea. Emakumezkoetan Oihana Kortazar Euskal Selekzioko kideak jantzi zuen txapela, baina hark ere ez zuen hobetu Emanuela Briziok jarritako marka. Helmugan sartzen lehen gizonezko goierritarra, Iker Zurutuza izan zen. Bigarren Aitor Conde sailkatu zen, eta hirugarren Juanjo Igartzabal. Emakumezkoetan Elena Calvillo izan zen lehen goierritarra, eta bigarrena Jaione Sasieta. Horrenbestez, Zurutuzak eta Calvillok jaso zuten Goierriko Hitza egunkariak emandako, Hitza saria.
Omenaldia
Goizeko bederatzietan 500 korrikalariak Zegamako herrigunetik lasterka abiatu aurretik, aurreko bederatzi probak orduaren barruan bukatu zituztenei omenaldi txiki bat egin zieten. Hamar gizonezko eta emakumezko bat dira balentria horren jabe, eta horietatik bi goierritarrak dira: Koldo Urrestarazu lazkaotarra eta Guillermo Pinillos zegamarra. Dantzariak Aurreskua dantzatu zuen, Andoni Egañak bertsotan azaldu zuen korrikalariek egindako lana, eta antolatzaileek oroigarri bana eman zieten.
Omenaldia bukatu eta gutxira eman zioten hasiera probari. Gizonezkoen mailan lehia bizia ikusi ahal izan zen Kilian Jorneten, Tom Owensen eta Aitor Osa txirrindulari ohiaren artean. Ez zen errepikatu beraz, iazko irudirik, 2010ean Kilian Jornetek oso erraz irabazi baitzuen mendi maratoia, bigarrenari Aitor Osari ia 12 minutuko aldea aterata.
Herenegun, Sancti Spiritutik lehendabizi Tom Owens pasatu zen, atzetik Kilian Jornet eta Aitor Osa zituela. Aizkorrin txandatuz joan ziren Jornet eta Owens. Hirugarren postuan sartu zen Aitor Osa. Urbian Owens eta Jornet batera sartu ziren, 2:56:14ko denbora eginda, eta Aitor Osak berriz, galdu egin zuen hirugarren postua, Nikola Golinellik aurre hartu baitzion. Itzubiagan lehendabiziko postua berreskuratu zuen Jornetek, eta Osak berriz hirugarrena.
Itzubiagatik aurrera hasi zen Jornet bere aurkariari, Owensi, tartea ateratzen, eta 3:57:39ko denborarekin sartu zen helmugan. Tom Owensek bigarren egin zuen, 3:58:14 denborarekin. Hirugarren Miguel A. Heras sailkatu zen 4:02:52ko denborarekin eta laugarren egin zuen Aitor Osak, 4:04:53ko denborarekin.
Jornet gustura zegoen egindako lanarekin, baina aitortu zuen oso lasterketa gogorra izan zela. «Lurra oso egoera onean zegoen, baina bero ikaragarria egiten zuen, eta eguraldi hotzarekin hobeto ibiltzen naizenez gaizki pasatu dut». Bere aurkariari dagokionean esan zuen lehiakide «oso gogorra» izan zela eta beraz, azkeneko momentura arte ez zuela uste irabaziko zuenik. «Dena den gozatu egin dugu norgehiagoka horretan».
Emakumezkoetan, lasterketaren hasieran Oihana Kortazarrek aurkari guztiak atzean utzi eta bakarka egin zuen ibilbidea. Lasterketaren erditik aurrera, ordea, Emanuela Brizio eta Corinne Favre, lehen sailkatuarekiko aldea jaten saiatu ziren. Dena den, ez zuten lortu euskaldunari aurrea hartzerik. Kortazarrek 4:42:50eko denbora behar izan zuen lana bukatzeko. Brizio, minutu erdiko aldearekin sartu zen helmugan eta Favre hirugarren sailkatu zen. Dena den Favrek, 3 minutuko penalizazioa izan zuen haize-babesa ez eramateagatik eta hala, podiuma Maud Gobert frantziarrak osatu zuen.
Antolatzaileak gustura
Behin proba bukatuta, gustura daude antolatzaileak, Alberto Aierbe mendi maratoiaren zuzendari teknikoaren hitzetan «dena oso ondo atera baita». Eguraldi ona egin zuen ikusleentzat, ez horrenbeste, ordea, korrikalarientzat. «Eguraldi sargoriaren ondorioz, kirolariek esfortzu fisiko handia egin behar izan dute, eta askok ez dute lortu helmugara iristerik. Kilianek aitortu du berak ezagutu duen ediziorik gogorrena izan dela». 415 korrikalarik bukatu zuten proba, eta gainerakoak erretiratu egin ziren. Alberto Aierberen hitzetan Gurutze Gorrikoek dezente lan egin behar izan zuten, baina ondoezak, karranpak (calambre) eta muskuluetako arazoak artatzen. «Proba gogorra izan arren gustura joan dira korrikalariak, giro bikaina sortu baita. Ikusleek ere gozatu egin dute lehiarekin eta beraz, gu pozik gaude». Bestalde, Aierberen hitzetan Internet bidez lasterketa zuzenean ematea oso ondo baloratu du jendeak, eta elizan jarritako pantaila handiak ere harrera oso ona izan du».
SAILKAPENA
Gizonezkoak
- Kilian Jornet
- Tom Owen
- Miguel Heras
Emakumezkoak
- Oihana Kortazar
- Emanuela Brizio
- Maud Gobert













