Irimo inguruak ezagutzeko gida kaleratu dute Urretxun, bost ibilbiderekin
Lekaio kultur elkarteak eta Urretxuko Udalak Irimo magalean ibilbideak izeneko esku liburuxka kaleratu dute. Urretxuko mendi parajeetan hainbat ibilbide proposatzen ditu argitalpenak eta doan eskura daiteke herriko hainbat gunetan.
Bost ibilbide zehaztu dituzte, guztiak ere Irimo mendiaren inguruetatik doazenak. Ibilbide hauek goitik behera zehaztu dituzte eskuliburuan, deskribapenak, erreferentzia historikoak, perfilak, toponimoak edota Google mapsen kokapena jarriz. Informazio guzti honekin edonor izango da gai mendi buelta bat galtzeko beldurrik gabe egin ahal izateko.
Egileen esanetan, «gure landa eremuan dugun natur ondarea zaintzea eta aldi berean ezagutaraztea da argitalpen honen helburu nagusia». Honela, «mendizaleentzako, eskola taldeentzako, mendi elkarteentzako eta gure ingurua ezagutzeko interesa duen edonorentzako tresna interesgarri eta erabilgarri» gisa aurkeztu dute.
Aleak Aizpuruenea kultur etxean, Urretxuko udaletxean, Santa-Barbara taberna-aterpetxean eta Urretxuko eta Zumarrgako turismo bulegoan eskura daitezke. Ez da hau, ordea, Lekaiok Irimo eta inguruak babesteko burutu duen ekintza bakarra. 2009an, Ostadarrekin, Goierri mendi elkartearekin eta Zintzo Mintzorekin batera, mendi inguruetako berezko toponimia berreskuratu zuten, izenak harrietan idatziz. Pista berriak ireki zituzten eta iturri berri bat ere jarri zuten.