Merkurio: eguzkitik gertuen dagoen planeta
Antzinatik kultura guztietan izarrak behatu dira. Ikertzaile askok eta askok lan ugari egin dute horiek ikertzen. Zertarako? Zerk motibatzen gaitu hainbeste ordu eta diru horretan inbertitzera? Nire ustez, betiko galderei erantzun zientifiko baten bila gabiltza. Nola sortu zen unibertsoa? Big-Bangen aurretik zer zegoen? Zerez osatuta gaude, hau da, atomo unibertsoaren barruan zer dago? Legeren bat al dago Unibertso handia eta unibertso txikia erlazionatzen dituena?
Dakizuenez gure eguzki sisteman zortzi planeta daude: Merkurio, Artizarra, Lurra, Martitz, Jupiter, Saturno, Urano, eta Neptuno. (Pluton txikia denez asteroidetzat hartu izan da). Oraingoan Merkurio Planetaz idatzi behar dugu, oso planeta bitxia baita. Eguzkitik gertuen dagoen planeta da. Erromatar mitologoek Merkurio Jainkoaren omenez jarri zioten bere izena. Pythagoras ohartu zen, bi momentu berezietan ikusi zitekeela planeta misteriotsu hau, goizez, eguzkia atera baino lehen edo arratsaldeko azken orduan, eguzkia sartzen denean, eta ezkutaketan jolasten ari dela dirudi. Garai horretan begiz egiten zituzten ikerketak. Teleskopioa asmatu zenean, Merkurio eta unibertsoa ikertzeko tresna izugarria bihurtu zen. Gaur egun zundak bidaltzen dira planeta bertara joateko eta datu bereziak jasotzeko. Honela, planeten ezaugarriak ezagutu ditzakegu.
Merkurioren kasuan, begiz ikustea zaila da eguzkiaren gertutasunarengatik (eguzkiak bere argiarekin itzal egiten dio). Baina zundak bidaltzea ere ez da batere erraza. Alde batetik, ia atmosfera gabeko planeta denez, oso tenperatura desberdinak dituelako. Egunez 450ºC hartzen du eta gauez -180ºC. Zundaren materialak oso material berezia izan behar du tenperatuta hauek jasateko. Bestetik, eguzkiak erakarpen indar izugarria egiten du eta zundak indar handia behar du frenatzeko eta Merkurioren orbitan sartzeko. 1974an, Mariner zunda bidali zuten eta datu interesgarriak lortu zituen: Merkurioren orbita heliptikoa dela jakitea lortu zuten, eguzkiarekiko punturik gertuena (perihelioa), 47 milioi Km-takoa dela eta eguzkiarekiko punturik urrunena (afelioa), 80 milioi Km-takoa dela. Gainazala, ilargiaren antzekoa da, hau da, kraterez betea dago, asteroide eta kometa askoren talkagatik. Orain dela 4.000 milioi urte sortutako planeta dela uste da. Bere barne egitura ere bitxia da. Ilargiaren dentsitatea baino %60 handiagoa da. Bere nukleoaren %42a burnizkoa du, Lurrarena, berriz, %17koa da. Honek egiten du bere dentsitatea hain handia izatea. Datu hauek eta beste zenbait ikertu dira, baina oraindik ez dakigu beste zenbait bitxikeria. Horregatik, 2004an bidali zuten Messenger zunda, honek zazpi urte behar izan ditu Merkurioren orbitan sartzeko, eta orain itxaroten ari gara ekarriko dizkigun datu berriak eta interesgarriak hausnartzeko.
Bukatzeko, esan beharra dago Eguzki sisteman behintzat, gurea bezalako espeziearentzat oso zaila dela beste planeta batean bizitzea. Horregatik, gure planeta urdina zaindu behar dugu baliabide mugatuak baititugu. Bizitza apalagoa eta lasaiagoa behar dugu. Natura errespetatu behar dugu, Lurra planetaren oreka hautsi ez dadin.
Maribel Zufiaur
JAKIN BEHARREKOAK
- Udako ekintzak Donostiako Zientzia Museoan: udako zientzia txokoa, udalekuak, planetariumeko programa berria famili osoarentzat. Informazio gehiago: eurekamuseoa.es.
- Astronomiako efemerideak. Uztailak 1: Eguzki eklipse partziala, Ozeano Antartikoan. Uztailak 7: Ilargia perigeoan. Uztailak 28: Izar euria, Piszis kostelazio inguruan ikusiko dira meteoritoak. Uztailak 30: Izar euria, Akuario kostelazio inguruan ikusiko dira meteoritoak. Abuztuak 13: Perseiadak izar euri famatuak, 400 meteorito orduko espero da. Abuztuak 15: Merkurio eta Artizarren konjugazioa.
- Pirinioetako hartzen populazioen buruzko datu berriak kaleratu ditu Frantziako Ehizaren eta Basa-faunaren Bulegoak. Hiru azpipopulazioetan daude banatuta. Mendebaldeko azpitaldeak Euskal Herrian sartu-irtenak egiten ditu. Bestalde, txosten honetako datuekin Pirinioetako hartzen zuhaitz genealogikoa ere osatu dute.
LIBURUA
- ‘La historia de las cosas’ Annie Leonard. Nondik datoz erosten ditugun gauzak? Nora doaz bota ondoren? Horrelako galderei erantzuten zaie liburuan.