Gaurko bozetan 53.000 goierritarrek dute botoa emateko eskubidea

Bi asteko hauteskunde kanpainaren eta atzoko gogoeta egunaren ondoren, gaur goizeko 09:00etan zabaldu dituzte Goierriko herri guztietan dauden hautestokiak. Harrezkero, pixkanaka ari da jendea agertzen. Guztira, 2.263.745 euskal herritarrek dute botoa emateko eskubidea; horietatik 575.000 dira gipuzkoarrak, eta 53.000 goierritarrak. Bozkalekuak iluntzeko 20:00etan itxiko dituzte, eta ordu horretatik aurrera hasiko dira aurreneko inkestak ateratzen. Behin betiko emaitzak, ordea, gaueko 23:00etan jakinaraziko dituzte. Gaurko hauteskundeetan, Espainiako Kongresuan dauden 350 diputatuetatik euskal herritarrek 23 aukeratuko dituzte: lau diputatu Araban, zortzi diputatu Bizkaian, sei Gipuzkoan eta bost Nafarroan. Senatuari dagokionez, lurralde bakoitzeko launa senatari hautatuko dituzte: Senatuan dauden 262 eserlekuetatik hamasei, hain justu ere. Hauteskundeetako webgune ofizialaren arabera, Goierriko herrietan desberdinak dira lehen parte hartze datuak. Hala, Goierriko herri handiei begiratuta, Urretxun, lehen aurre kontaketan, parte hartzea 2008ko hauteskundeetakoa baina altuagoa izan da (2008: %37,86, 2011:%39,45); Zumarragan, aldiz, baxuagoa (2011n: %38,15, 2008an %40,71). Beasainen 2008ko hauteskundeetako jende kopuru parekoa joan da lehen orduetan bozkatzera (2008an: 34,15, 2011n: %34,76). Ordizian 2008an baino jende gehiagok bozkatu du lehen orduetan (2011: %37,12, 2008: %35,7). Legazpin kontrakoa da, jende gutxiago joan da bozkatzera lehen aurrekontaketa egin dutenerako (2011: %36,98, 2008an: %37,21).
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa