Dominique Jorajuria euskaldun berria izango da asteazkenean 'Bixi-Bixin'
Asteazkenean, azaroak 23, Dominique Joraguria euskaldun berria izango da Bixi-Bixi irratsaioan, 12:15etik aurrera. Lierni Elorza saioaren gidariak jakitera eman duenez, aurreko denboraldian hasi zuten Kanpotarrak euskaraz saila “oso emankorra” ari da izaten. “Euskaraz ikasi edo ikasten ari diren kanpotarrak oso irakasgai aberatsak eskaintzen dizkigute hilabetean behin egiten dugun tarte honetan”. Dominique Jorajuria izango da beraz, sail horretako hilabete honetako gonbidatua. Jorajuria Marsellan jaioa da, eta aspaldian Azkainen (Lapurdi) bizi da.
Astero bezala, Santos Belokik Euskara jalgi hadi plazara saila aurkeztuko du, eta Aitor Calvillok EBPN Seguran zertan zen azalduko du. Bi gonbidatu horiez gain, Maizpide euskaltegikoek euskara txukun erabiltzeko aholkuak emango dituzte eta herrietako albisteek ere izango dute tartea. Bukaeran Elhuyar Zientzia elkartekoek parte hartuko dute. Sail hori aurten jarri dute abian.
Entzuleak
Entzuleek ere parte hartu dezakete iradokizunak eta proposamenak eginez. Horretarako, irratiko telefono zenbakira- 943 80 10 41- deitu behar dute saioak irauten duen bitartean edota bestela bixibixi@euskalerria.org helbidera idatzi behar dute edozein momentutan.
Bixi-Bixi zuzenean entzun ezin duenak ostegunean, 19:00etan edota igandean, 08:00etan, entzun ahal izango du.