Goierrin Amaiurrek irabazi du 21 herritan, Zumarragan berriz, PSE-EEk
Alderdi Popularrak gehiengo osoz irabazi ditu Espainiako Gorteetarako hauteskundeak; Euskal Herrian eta Goierrin, ordea, oso bestelakoak izan dira emaitzak. Goierrin 36.636 lagunek eman zuten atzo botoa, eta Amaiur koalizioa izan da babesik handiena jaso duena. Eskualde osoan, 14.824 boto jaso ditu; bigarren alderdirik bozkatuena EAJ izan da, 9.269 botorekin; haien atzetik gelditu dira PSE-EE (6.817), PP (3.247) eta IU-Ezker Anitza (1.026).
Herriz herriko emaitzak ikusita ere, Amaiur koalizioak irabazi du Goierriko 22 herrietatik 21etan; tartean daude Beasain, Ordizia, Lazkao, Urretxu eta Legazpi. Zumarraga historikoki PSE-EEren alde agertu izan da azken hauteskunde deialdi guztietan, eta sozialistek, alde gutxiagorekin bada ere, oraindik mantentzen dute beraien nagusitasuna.
Abstentzioaren aldeko hautua egin dutenak berriz, 16.621 goierritar izan dira. Zumarragan esaterako, %32koa izan da abstentzioa; Zaldibian berriz, %22,7koa.