Jende askok parte hartu du Ormaiztegiko jaietako lehen asteburuko ekitaldietan
Asteburu honetan, beste hainbat urtetan ez bezala, eguraldia lagun izan dute ormaiztegiarrek, eta jende askok parte hartu du jaietako lehen astebururako prestatutako ekitaldietan. Ostiral gauean kontzertua izan zen txosnetan. Nekez eta Fiachras taldeek harrera ona izan zuten, baina giroa E.H. Sukarra taldearekin lehertu zen. Txosnetako karpa jendez gainezka zegoen une hartan. Bukaera aldera talde eibartarrak kanturik ezagunenak jo zituen, eta entzuleak eurekin batera aritu ziren kantuan. Kontzertuan zeuden batzuk nostalgia puntu batekin, berriz gaztarora itzuli zirela zioten irribarrez. Larunbatean Eleganteen Eguna ospatu zuten ormaiztegiarrek. Eguerdian pixka bat kosta zitzaien eleganteei herriko kaleak girotzea, 13:00ak aldera arte ez baitzen ikusi jende gehiegirik kaleetan. Ziur asko aurreko eguneko kontzertuek eta parrandak izan zuten zerikusia horretan. Ordu horretatik aurrera, soineko eta traje dotoreak soinean zituztela irten ziren kalera herriko gazteak. Eguerdiko poteoaren ondoren, Zubipe kiroldegian bazkaldu zuten 140 ormaiztegiar elegantek. Antolatzaileen esanetan, iaz baino jende gehiago elkartu zen, eta giro ona sortu zen. Arratsaldeko lauretatik aurrera, jubilatuek mus txapelketa egin zuten beraien elkartean. Bost bikotek eman zuten izena. Jubilatuak musean hasi eta handik ordu erdira haurrek hainbat jokutan parte hartzeko aukera izan zuten, Zumalakarregi museoaren eskutik. Museoak Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzeko helburuarekin antolatu zituen jolasak. Sei eta hamabi urte bitarteko 50 bat [...]
Asteburu honetan, beste hainbat urtetan ez bezala, eguraldia lagun izan dute ormaiztegiarrek, eta jende askok parte hartu du jaietako lehen astebururako prestatutako ekitaldietan.
Ostiral gauean kontzertua izan zen txosnetan. Nekez eta Fiachras taldeek harrera ona izan zuten, baina giroa E.H. Sukarra taldearekin lehertu zen. Txosnetako karpa jendez gainezka zegoen une hartan. Bukaera aldera talde eibartarrak kanturik ezagunenak jo zituen, eta entzuleak eurekin batera aritu ziren kantuan. Kontzertuan zeuden batzuk nostalgia puntu batekin, berriz gaztarora itzuli zirela zioten irribarrez.
Larunbatean Eleganteen Eguna ospatu zuten ormaiztegiarrek. Eguerdian pixka bat kosta zitzaien eleganteei herriko kaleak girotzea, 13:00ak aldera arte ez baitzen ikusi jende gehiegirik kaleetan. Ziur asko aurreko eguneko kontzertuek eta parrandak izan zuten zerikusia horretan. Ordu horretatik aurrera, soineko eta traje dotoreak soinean zituztela irten ziren kalera herriko gazteak. Eguerdiko poteoaren ondoren, Zubipe kiroldegian bazkaldu zuten 140 ormaiztegiar elegantek. Antolatzaileen esanetan, iaz baino jende gehiago elkartu zen, eta giro ona sortu zen.
Arratsaldeko lauretatik aurrera, jubilatuek mus txapelketa egin zuten beraien elkartean. Bost bikotek eman zuten izena. Jubilatuak musean hasi eta handik ordu erdira haurrek hainbat jokutan parte hartzeko aukera izan zuten, Zumalakarregi museoaren eskutik. Museoak Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzeko helburuarekin antolatu zituen jolasak. Sei eta hamabi urte bitarteko 50 bat haur elkartu ziren.
Lehendabizi «haur denek eduki beharko lituzkeen» eskubideak ekarri zituzten gogora. Horretarako bideo labur bat ikusi zuten eta ondoren, mural handi batean, bertan idatzita zeuden eskubideei marrazki bana egin zieten.
Gero haurrak bi talde handitan banatu eta jolasak egin zituzten, herrian zehar banatutako bost txokotan. Talde bakoitzak 10 minutu pasatzen zituen gune bakoitzean, eta bi zeregin betetzen zituen txokoa aldatu aurretik. Lehendabizi, txoko bakoitzean zegoen esaldia irakurriz zein eskubideri erreferentzia egiten zion asmatu behar zuten, eta bestetik txoko bakoitzean zegoen materiala erabiliz jolas egiten zuten.
Eskubideen artetik bost aukeratu zituzten museoko arduradunek: etxebizitza izateko eskubidea, heziketa jaso ahal izateko eskubidea, familia izan ahal izateko eskubidea, osasun zerbitzua izateko eskubidea, eta elikadura egokia izateko eskubidea. Aukeratutako materialak berriz, XIX. mendearen bukaeran zein XX. mendearen hasieran gaztetxoek jolaserako erabiltzen zituzten materialak ziren: tortoloxak, txapak, artaburuak, soka, eskupilota… Txoko guztietatik pasatu eta amaitzeko ordua iritsi zenean, haurrei opari bana eta gozokiak banatu zizkieten museoko arduradunek. «Haurrek beraien oinarrizko eskubideak eta betebeharrak identifikatzeaz gain, arratsalde ederra pasatu dute».
Gauean Zesuma taldearekin dantzaldia izan zen herriko plazan.
Igandean, artisau erakusketa
Herenegun artisau erakusketa egin zuten plazan, goizeko hamaiketatik aurrera. Egurrezko sukalderako tresnak, taila lanak, kandelak, poltsak, panpiñak eta pitxiak ikusi eta erosi ahal izan ziren bertan. Meza ondorenean, Aintziñe gozotegiak eskainitako pastelak eta Elosegi ardotegiak eskainitako edariak dastatzeko aukera izan zuen jendeak. Makina bat gozozale gerturatu zen bertara.
Arratsaldean, Kiki eta Koko pailazoek liluratuta utzi zituzten haurrak beraien ateraldiekin, eta 19:00etan, Gabiriako Goruntz taldeak saioa egin zuen.