Eneko Aizpurua: «Gaiak era askotara lantzeko ematen du»
Literaturaren mundura Errauts eleberri liburuarekin sartu da Eneko Aizpurua (Lazkao, 1976). Zuzenbidean lizentziaduna, itzultzaile lan egiten du Nafarroako unibertsitate batean. Iruñean bizi da, eta han argitaratu zioten duela hiru urte lehen narrazioa, Fortunaren gurpilak. Egile berrientzako lehiaketan bigarren saria lortu zuen narrazio laburren arloan. Idazle baino gehiago irakurle dela dio, nobela beltzaren zalea. «Genero beltzera bakarrik mugatuta ez nago, baina hortik joko nuke gehienbat. Lehen liburua eskuetan edukitzeak satisfazio handia ematen du», aitortu du. Literaturan zeure lehen liburua argitaratu duzu, ‘Errauts’. Bai, aurrenekoa da argitaletxe batekin atera dudana. Aurretik, Iruñeko Udalak antolatutako egile berrientzako lehiaketa batera aurkeztu nintzen, eta narrazio labur bat argitaratu zidaten. Betidanik izan al duzu zaletasuna? Gehien bat irakurtzea gustatzen zait, betidanik. Hori dut literaturarekiko lehenengo lotura, egile moduan baino gehiago. Zer genero edo egile dituzu gogoko? Nobela beltza, gehien bat. Asko irakurri ditut Igel argitaletxeak itzulitako nobela beltzeko autoreak: Raymond Chandler, Dashiell Hammet, Chester Himes, Ipar Amerikako hard-boiled deritzaien egileak. Europarrak, berriz, Vazquez Montalban Espainian, Jean-Claude Izzo Frantzian… Estilo horretakoak. Bestelakoak ere irakurtzen ditut. Irakurle izatetik idaztera jauzia badago, eta gehiago argitaratzera. Orain dela pare bat urte Gipuzkoan izan ziren adingabe etorkinen zentroetan suteak, beraiek eragindakoak edo. Goierrin, Lazkaoko hotelean izan zen, eta Segurako aterpetxean. Bateratsu [...]
Literaturaren mundura Errauts eleberri liburuarekin sartu da Eneko Aizpurua (Lazkao, 1976). Zuzenbidean lizentziaduna, itzultzaile lan egiten du Nafarroako unibertsitate batean. Iruñean bizi da, eta han argitaratu zioten duela hiru urte lehen narrazioa, Fortunaren gurpilak. Egile berrientzako lehiaketan bigarren saria lortu zuen narrazio laburren arloan.
Idazle baino gehiago irakurle dela dio, nobela beltzaren zalea. «Genero beltzera bakarrik mugatuta ez nago, baina hortik joko nuke gehienbat. Lehen liburua eskuetan edukitzeak satisfazio handia ematen du», aitortu du.
Literaturan zeure lehen liburua argitaratu duzu, ‘Errauts’.
Bai, aurrenekoa da argitaletxe batekin atera dudana. Aurretik, Iruñeko Udalak antolatutako egile berrientzako lehiaketa batera aurkeztu nintzen, eta narrazio labur bat argitaratu zidaten.
Betidanik izan al duzu zaletasuna?
Gehien bat irakurtzea gustatzen zait, betidanik. Hori dut literaturarekiko lehenengo lotura, egile moduan baino gehiago.
Zer genero edo egile dituzu gogoko?
Nobela beltza, gehien bat. Asko irakurri ditut Igel argitaletxeak itzulitako nobela beltzeko autoreak: Raymond Chandler, Dashiell Hammet, Chester Himes, Ipar Amerikako hard-boiled deritzaien egileak. Europarrak, berriz, Vazquez Montalban Espainian, Jean-Claude Izzo Frantzian… Estilo horretakoak. Bestelakoak ere irakurtzen ditut.
Irakurle izatetik idaztera jauzia badago, eta gehiago argitaratzera.
Orain dela pare bat urte Gipuzkoan izan ziren adingabe etorkinen zentroetan suteak, beraiek eragindakoak edo. Goierrin, Lazkaoko hotelean izan zen, eta Segurako aterpetxean. Bateratsu izan ziren bi suteak, eta halako ezta- baida bat sortu zuen emigrazioaren inguruan. Horrekin hasi nintzen bueltaka, istorio bat egiteko eman zezakeela pentsatuz. Hura izan zen pizgarria. Pixkanaka joan zen gorputza hartzen, idazten ari nintzen heinean.
Argitaratze prozesua nola izan da?
Beasaingo Igartza sarietara aurkeztu nuen, baina ez zen atera. Argitaletxe batzuetara bidali, eta azkenean Ereinekoek Uzta Gorria sailean ateratzeko interesatuta zeudela esan zidaten, nobela beltzaren sailean.
‘Errauts’ jarri diozu izenburua. Sute haiei keinu egiteko edo?
Bai, horrekin zerikusia badu, suteen errautsak, eta nobelan agertzen den beste gai batekin ere bai: hildakoen errautsak ere izan litezke, nobelan hildakoak badaudelako. Beste errauts klase batzuk ere badira, negozio proiektu batzuekin zerikusia dutenak eta nobelan txertatuta daudenak.
Lazkaon kokatuta dago istorioa.
Bai. Lazkaon baino gehiago, Euskal Herriko toki asko agertzen dira: Lazkao, Segura, Arabako Errioxa, Bilbo, Donostia… Baina Goierrik presentzia handia du.
Zer da hori, Iruñean bizita, lazkaotarraren nostalgia puntu bat?
Igoal bai, ez dakit. Hau ezagutzen dut, eta ikusita gertaerak hemen kokatuta zeudela, aukera polita zen Goierriri buruz hitz egiteko.
Nobela beltzak berekin dakartzan tramak korapilatzeko zer moduz moldatu zara?
Hasieran halako eskema moduko bat egin nuen, ideia nagusi batzuk banituen, eta horien inguruan trama garatzen joan nintzen. Egia da, gero idazten nindoan heinean, gauzak aldatu zirela. Askotan ez aurrera, ez atzera geratzen zara. Komeria batzuk ere izan nituen.
Nobelan, idazleak ez duela istorioa osoki kontrolatzen esan ohi da, pertsonaiek bizia hartzen dutela.
Ez naiz hasieratik bukaerara eskema bat egin eta horren arabera ibiltzekoa ere. Hori bai, gauza batzuk garbi banituen; horiekin hasi, eta gero libreago utzi nion joaten istorioari.
Magrebtarrak ageri dira nobelan, harrera etxeak… Badu etorkinekiko jarreraren kritika nahirik?
Nobela beltzeko trama honetaz baliatu naiz immigrazioaren inguruko gai hori ukitzeko. Gainera, polemika garai hartan sortu zen, komunikabide batzuek bultzatu zuten, bidali egin behar zirela, eta abar. Momentu hartan sortutako giroa pixka bat agertzen saiatu naiz. Ikerketa bere gain hartzen duen Mikel Egileor kazetari protagonistaren bidez erakutsi nahi izan dut kritika hori, komunikabideek gaia nola tratatzen duten eta zer irudi erakusten duten. Ez erabat horretan zentratuta, baina zeharka sartu naiz.
Idazteko ofizioa, nola lantzen da? Zerk motibatzen zaitu idaztera?
Momentuan aurrera eramaten edo idazten ari naizen istorioak harrapatzen nauen ala ez. Gai hau aurkitu nuenean, merezi zuela ikusi nuen. Egunerokoan asko motibatzen ninduen.
Inpaktoa eragin al zizun?
Gaiak era askotara tratatzeko modua ematen zuen. Alde batetik, hemen gertatzen zena nobela beltzeko istorio batekin uztartzeak asko motibatzen ninduen. Irakurritako nobela beltzak beti daude Los Angelesen, New Yorken edo Bartzelonan kokatuta. Honek ematen zuen hemengo zerbait idazteko modua.
Euskal literaturan nobela beltza ez da askorik landu izan, ezta?
Hamabost egun Urgainen, 110. Streeteko geltokia; Iruñean bada beste egile bat, Ladron Arana, genero hau landu duena. Baina bai, egia da euskal literaturan gutxi landutako generoa dela. Erein argitaletxean, adibidez, Uzta Gorria sail horretan liburu asko itzuli dituzte. Jon Arretxek ere nobela dezente egin ditu.
‘Errauts’ liburuarekin irakurleari zer eman nahiko zenioke?
Momentu on bat pasatzea, irakurtzen gozatzea. Gero, norberak egingo du bere irakurketa. Baina ez da nire asmoa ez dakit nolako pedagogia egitea. Ondo pasatzeko da, eta beste zerbait ikusi eta pentsatzeko balio baldin badio, askoz hobeto.
Fikzioa eta errealitatea zer proportziotan nahastu duzu istorioan?
Bietatik dago. Errealitatea badago; toki ezagunak dira asko, gertaera batzuk egunkarietatik hartutako berrietan oinarrituta daude, beste batzuk nik asmatuak dira. Toki batzuk errealak dira, besteak ez. Fikzioa ere badago. Erdi eta erdi, esango nuke.











