lurra dantza taldekoek Tuterako Polka gerturatuko dute larunbatean, hamabi bat baserrietan
Inauteriek tradizio luzea dute Euskal Herrian. Askok diote festa paganoa dela bere oinarrian, nekazal kulturarekin estuki lotuta dagoena. Neguko iluntasunetik ateratzeko festa zen, eta argiari ongi etorria ematekoa. Garai batean, lurra esnatzeko deia egiten zuten nekazariek, eta horregatik, ereite jai batekin harremandu dira sarritan. Inauteriekin hasi eta San Joanekin amaitzen zen uztari eta argiari lotutako aroa zen.
Beranduago, Euskal Herrian kristautasuna ezarri zenean, kutsu erlijiosoa hartu zuten inauteriek. Aldaketak izan ziren, noski, baina ohitura haiekin antzekotasun asko mantendu zituzten. Hala, garizuma aurreko jaian bihurtu ziren aratusteak. Nekazariek negutik gordeta zituzten janari erreserbak amaitzeko festan, alegia. Inauteriak amaituta, 40 eguneko baraualdia hasten zen, garizuma garaia, hain zuzen, Aste Santuarekin amaitzen zen penitentziarako garaia.
Urteak aurrera egin ahala inauteri jaiak aldatuz joan dira, tokian-tokian forma eta itxura ezberdinak hartuz. Baina zenbait lekutan, oraindik orain ere mantentzen dira garai bateko ohitura zaharrak.
70. hamarkadatik aurrera, herri-kultura berreskuratzeko ahalegin handia egin zen Euskal Herri osoan, gerra garaitik jasan zuen zokoratzea gainditzeko. Lan handia egin zuten, adibidez, herri asko eta askotan sortu ziren dantza taldeek eta kultur eragileek. Horren adibide dira Goierrin, esaterako, Urretxu, Legazpi eta Segura.
Lurra dantza taldea
Urretxuko Lurra dantza taldeak 20 urtetik gora daramatza inauteri jaia herriko baserrietara gerturatzen. Juan Luis Elgarrestak, Lurra datza taldeko kideak esan duenez, «garai batean oso errotuta zegoen ohitura zen baserriz baserri eskean joatea». Ez da baina, dirurik eskatzen, «baserritarrek etxean dutena ematen zuten eta orain ere hala egiten dute. Arrautzak, gazta, intxaurrak… jasotzen ditugu», dio.
Lurrakoek hamabi bat baserri bisitatzen dituzte inauterietako larunbatean eta Elgarrestaren iritziz «ikaragarria da guztietan egiten diguten harrera». Urtero Euskal Herriko inauteri bat aukeratzen dute; aurtengoa Tuterako Polka da. «Mende bat baino gehiago da dantza hau galdu zela baina berreskuratzea lortu da, zorionez», aitortu du Elgarrestak. Ekimen honen helburu nagusiena, «galzorian dauden inauteriak eta dantzak berreskuratzea eta ezagutzera ematea da», gaineratu du.
Sorgin-dantza eta Lintx
Legazpiko Sustraiak dantza taldeak ere, 1990etik hartzen du parte herriko inauterietan, konpartsa ezberdinak irudikatuz. Inauterietako igandean atera ohi da konpartsa, Gipuzkoako inauterietan oinarrituta. Aurtengoan, Lasarte-Oriako sorgin-dantza irudikatuko dute. Ohituraz, mutilek bakarrik dantzatzen zuten sorgin-dantza, batzuk neskaz mozorrotzen zirelarik. Sustraiak dantza taldeko Jon Dorronsorok esan duenez, «gure konpartsan ere, mutilak neskaz mozorrotuko dira, eta alderantziz. Pertsonaia gehiago ere egongo dira, hartza eta hezitzailea, adibidez».
Ez dira hauek, dena den, Legazpiko inauterietan agertuko diren pertsonaia bakarrak. Ostiral arratsaldean eta igandeko konpartsan, Lintxen etorrera izango baita. «Lintx, katamaloek lagunduta plazara sartuko da jendea beldurtuz ostiralean», azaldu du Dorronsorok. «Asier Iriondok egindako kopla batzuk abestuko dituzte herritarrek, zarata ateraz katamaloak uxatzeko», argitu du. Igandean ere konpartsarekin batera aterako da Lintx. «Berriro ere buila egin eta koplak kantatuko dizkiogu, eta horrekin batera, txorimaloa ere aterako dugu. Lintxek hau ikusitakoan alde egingo du, eta berriro koplak abestuko ditugu, azkenean alde egin duelako», gehitu du Sustraia taldeko kideak.
Hartza Seguran
Seguran ere, aspalditik datorren ohitura da inauterietako ostiralean Hartzaren jaia egitearena. Herrian ohitura hura bizi zuten herritarrak 70 urtetik gorakoak dira. Ondorioz, hartzaren inauteri jaia Gerra Zibilaren ondoren galdu zela uste da.
Festa hura bizi izan zutenek diote, herritar bat hartzez mozorrotzen zela ardi larruz baliatuta. Hartzazaina zen agertzen zen beste pertsonaietako bat, hartza gerritik lotuta eramateaz arduratzen zen, herritarrak ez erasotzeko. Lau uxatzaile ere izaten ziren inguruan, inor hartzarena gerturatzea eragozteko. Bai hartzazaina, zein uxatzaileak lastozko kapela eta tantodun oihalez jantzita joan ohi dira. Hartzak txistulariek eta dantzariek lagunduta egiten du herrian zeharreko ibilbidea. Aurrez ezarritako herriko zenbait gunetan geldialdia egin eta zahagi-dantza eginez.
Elorri kultur elkarteak egindako lanari esker berreskuratu da ohitura zahar hau Seguran. Diotenez, hartza udaberriaren mezularia zen. Negua lotan igaro eta gero, udaberriaren etorrerarekin hartz zulotik ateratzen delarik. Azaldu dutenez, euskal baserritarrak neguko estutasunen ondoren, pozik agurtzen zuten hartza, udaberriaren atarian.
Inauteriak
Gaur
- Lazkao. Orobione jubilatu elkartean, Ostegun Gizeneko txistor jana egingo dute.
- Legazpi. Doinua musika eskolako ikasleek inauteri kalejira egingo dute, 17:30tik aurrera. bihar
- Zumarraga. Haurrentzako dantzaldia Tirapuren eskutik. Beloki pilotalekuan, 16:30etik 19:30era. Segura.
-Laiotz herri eskolako ikasle eta irakasle mozorrotuen kalejira, 15:00etan. Abestiak eta dantzak plazan. Ondoren, txokolate beroa.
-Hartza, hartzazaina eta uxatzaileei ongi etorria Errementerin. Kalejira trikitilari, txistulari, jorrai dantzari eta herritar mozorrotuekin. Hartzaren iritsiera plazara. Dantzarien emanaldia. Hartzaren Aizkorriratzea. Ondoren, mozorro poteoa, afariak eta mozorro gaua.
-Lintxen etorrera Euskal Herria plazara. -Alaitasuna errondailaren mariatxia, 19:00etan.
Etzi
-La Salle San Jose ikastetxeko Izartxo aisialdi taldeko desfilea, 16:00etan elkartuko dira eskolan.
-Ostadar dantza taldeko inauteria, 11:30ean hasiko dira.
- Lazkao. Gazte Asanbladak antolatutako mozorro desfilea. Gaia zirkoa da. Herri bazkaria egingo dute, Olaberriko Etxezuri sagardotegian, 14:30ean.
- Urretxu.
-Lurra dantza taldearen XXIII. herri inauteria. Aurten Tuterako Polka eramango dute Urretxuko baserrietara, 9:00etatik aurrera. -Iparragirre Balerdi musika tailerraren kalejira, 11:30ean. -Bazkari herrikoia Ederrena pilotalekuan, 14:00etan.
-Haurrentzako mozorro festa eta dantzaldia Bidurirekin, Ederrena pilotalekuan, 17:30ean. Zumarraga-Urretxu.
-Mozorro topaketa eta kalejira buruhandiekin eta Iratzarri dultzaina taldearekin. Zelai Arizti kultur etxetik aterako dira, 12:30ean.
- Legazpi. Legazpiko Gazteak elkarteak antolatutako Zapatuko Inauteria. Gaia: itsasoa. hilak 19, igandea
- Urretxu. Dantzaldia, karaokea eta mozorro lehiaketa Tirapuren eskutik. Ederrena pilotalekuan, 17:00etatik 20:00etara.
- Legazpi. Sorgin dantza konpartsaren desfileak 12:00etan eta 19:00etan. Plazan amaituko dute eta lintxari agurra egingo diote.