Lehen esnea, orain arrautzak eta gazta
Andres Urbizu zegamarra beti izan da berritzailea. Gaztetan Zegamako paper fabrikan lan egin zuen, eta hura itxi zutenean ogiak banatzen ibili zen. Gero oilaskoak jarri zituen baserrian, eta gazta ere egiten zuen. Herrian denda bat eduki zuen, baina negozioa eskualdatzeko erabakia hartu zuen handik denbora batera. Aspalditxoan oiloak hazten ditu baserriaren ondoan duen granjan. «Geldi egotea gustatzen zait noiz behinka, baina luzaroan aspertu egiten naiz. Segituan etortzen zaizkit burura ideia berriak, eta abian jartzen saiatzen naiz», dio Urbizuk irribarrez. Duela gutxi arrautzak banatzeko makina jarri du Beasainen. «Beti gauza berriak ikusten dira telebistan, aldizkarietan eta gainerakoetan. Esnea saltzeko makinak jarri zituztenean galdetu nion nire buruari: eta arrautzak zergatik ez?». Horrelaxe animatu zen Nafarroa Etorbidea kalean areto bat hartu eta arrautza makina ipintzera. Igogailu eta guzti Makina berezirik ez dago oraingoz arrautzak saltzeko, baina Beasaingoa bezalakoak Nafarroako Azkoien enpresak ipintzen ditu. Gipuzkoan Urkotronik-ek banatzen ditu, eta Urbizu beraiekin jarri zen harremanetan. Ideiaren berri eman zien, eta haiek posible zela erantzun zioten. Dena den, Beasainen dagoen makina horrek badu berezitasun bat: erosleak dirua sartzen duenean igogailu txiki bat igotzen da arrautzak dauden lekura, eta bertan jaisten dira behera. Urbizuren hitzetan «beharrezkoa zen makinari horrelako zerbait gehitzea, zeren arrautzeek hor goitik salto egingo [...]
Andres Urbizu zegamarra beti izan da berritzailea. Gaztetan Zegamako paper fabrikan lan egin zuen, eta hura itxi zutenean ogiak banatzen ibili zen. Gero oilaskoak jarri zituen baserrian, eta gazta ere egiten zuen. Herrian denda bat eduki zuen, baina negozioa eskualdatzeko erabakia hartu zuen handik denbora batera. Aspalditxoan oiloak hazten ditu baserriaren ondoan duen granjan. «Geldi egotea gustatzen zait noiz behinka, baina luzaroan aspertu egiten naiz. Segituan etortzen zaizkit burura ideia berriak, eta abian jartzen saiatzen naiz», dio Urbizuk irribarrez. Duela gutxi arrautzak banatzeko makina jarri du Beasainen. «Beti gauza berriak ikusten dira telebistan, aldizkarietan eta gainerakoetan. Esnea saltzeko makinak jarri zituztenean galdetu nion nire buruari: eta arrautzak zergatik ez?». Horrelaxe animatu zen Nafarroa Etorbidea kalean areto bat hartu eta arrautza makina ipintzera.
Igogailu eta guzti
Makina berezirik ez dago oraingoz arrautzak saltzeko, baina Beasaingoa bezalakoak Nafarroako Azkoien enpresak ipintzen ditu. Gipuzkoan Urkotronik-ek banatzen ditu, eta Urbizu beraiekin jarri zen harremanetan. Ideiaren berri eman zien, eta haiek posible zela erantzun zioten. Dena den, Beasainen dagoen makina horrek badu berezitasun bat: erosleak dirua sartzen duenean igogailu txiki bat igotzen da arrautzak dauden lekura, eta bertan jaisten dira behera. Urbizuren hitzetan «beharrezkoa zen makinari horrelako zerbait gehitzea, zeren arrautzeek hor goitik salto egingo balute…». Igogailua enpresakoek ipini diote. Orain poliki-poliki nola funtzionatzen duen ikasten ari dira, Euskal Herrian ez baitago horrelakorik. Katalunian jarri zuten lehendabizikoa, eta Beasaingoa bigarrena da.
Anatxe baserriaren ondoan 3.000 oiloko granja bat du Urbizuk, eta haienak dira makinan salgai dauden arrautzak. Lehen etxaldea handiagoa zen, 6.000 oilo baitzituen, baina 2009ko haizeteek puskatu egin zuten. Bolada txarren aurrean kokiltzen den horietakoa ez da zegamarra, eta konpondu eta aurrera egin zuen. Lehen sozietate baten parte zen, orain bere kabuz lan egiten du. «Beste granja bati ere ematen dizkiot arrautzak eta gainerakoa, ahal dudana behintzat, nik saltzen dut Goierrin». Bere ustez bitartekariak kendu eta salmenta zuzena bultzatzea «beharrezkoa» da baserritarrentzat. «Horrek guri baserritik bizitzeko eta prezioak horrenbeste ez igotzeko aukera ematen digu. Salmenta onak edukiz gero, abantaila da bai kontsumitzaileentzat eta baita baserritarrontzat ere». Hori da zegamarraren filosofia, eta horretan ahalegintzen da. «Kaletik baserria oso urruti dago, baina baserritarrok zerbait saltzeko aukera ikusten badugu, segituan joaten gara baserritik kalera».
Urbizuk Zaragozatik ekartzen ditu oiloak, jada koskortuta, lau bat hilabete dituztela. Gero baserriko oilategian egoten dira hilabete batean arrautzak erruten hasi arte. Eguraldiak aukera ematen duen bezain pronto askatu egiten dituzte, eta eguerditik iluntzera bitartean kanpoan ibiltzen dira. Gauean beraien kabuz erretiratzen dira, eta orduan ixten dituzten granjako ateak.
Kanpoan hazitako oiloak
Oiloei pentsu berezia ematen diete, naturala. «Horrez gain, kanpoan larrean bilatzen dituzten mozorro, harri kaxkar eta gainerakoak ere jaten dituzte», dio Urbizuk. Arrautzetan ere nabaritzen da diferentzia, jabearen arabera. «Kanpoan libre egoteak lasaitasun handia ematen die oiloei, eta arrautza desberdinak egiten dituzte. Kanpotik berdinak dira, noski, baina barrutik nabarmentzen da ezberdintasuna».
Dozena erdika saltzen ditu makinan, euro eta erdiko prezioan. Urbizuren hitzetan harrera ona izan dute. «Etengabe bertan ez naiz egoten, beraz, ezinezkoa zait bezero guztiekin egotea. Dena den, hemen nagoela sartu izan da jendea, eta interesa agertzen du. Nik uste dut lehengo arrautzen zaporea gustuko duela jendeak, eta horregatik etortzen direla».
Normalean egunero edota bi egunetik behin joaten da Urbizu Beasaina makinan arrautza berriak sartzera. Arrakasta dutenaren seinale. «Beasainera joaten naizenetan, goizean errundako arrautzak jada eguerdirako makinan egoten dira». Horrek Zegamatik Beasaina sarri-sarri joan-etorrian ibiltzea eskatzen dio Urbizuri, baina ez dio inporta.
Arrautzekin batera gazta ere saltzen du bertan, gazta laurdena, hain zuzen. Ketuak makinaren ezkerraldean egoten dira, eta ketu gabeak eskubian. «Idiazabalgo Aranburutarrak aspaldiko ezagunak ditut. Makina bat sari irabazi dute, eta gazta ona egiten dutenez saltzea pentsatu nuen». Probarako jarri dituen gazta horiekin jendea «oso gustura» dagoela aipatu du zegamarrak.
Arrautzez eta gaztaz gain, beste produktu batzuk jartzeko asmoa du. «Arrautza soilik oso goxoa izaten da, baina txorixo mutur batekin edo hirugiharre zati batekin lagunduta platerak asmo irabazten du». Negua igarotzen denean eta «gauzak normaltasunera» itzultzen direnean, Mahala etxeko zenbait produktu salduko ditu makinan, hala nola, txorixoa, hirugiharrea, urdaiazpikoa eta xolomoa. Beharbada jogurtak ere ipiniko ditu.
Ekimenak «emaitza onak» ematen baditu, ez du baztertzen etorkizunean beste leku batzuetan ere makina jartzea. «Denborak berak markatuko dit bidea». Bestalde, Urbizuk buruari eragiten jarraitzen du, eta baliteke datorren urtean edota hemendik bi urtera beste asmakizun batekin etortzea. «Baserritarrek gauza asko asmatu behar izaten dute. Nik uste dut saiatuz gero eta lan eginez gero posible dela baserritik bizitzea».