Argi berdea aurrekontuari
Beasaingo Udalak legegealdi honetako estraineko aurrekontua onartu du. Bazegoen ikusmina udal gobernuak egindako proposamena aurrera aterako zen edo ez jakiteko, eta gainontzeko alderdiek zein jarrera hartuko zuten ikusteko. Bileraren aurretik, Koldo Agirre alkateak gauzak «nahikoa lotuta» zituztela aurreratu zuen, eta pasa den osteguneko bileran garbi gelditu zen hori. Bilduko eta Aralarreko zinegotzien aldeko botoez gain, aurrekontuek Hamaikabateko Joxi Intsaustiren babesa ere izango dute; EAJk berriz, abstentziora jo zuen, «oztoporik ez jartzeko». Hala, udalak 17,7 milioi euroko aurrekontu osoa izango du 2012an; horietatik 13,5 milioik osatzen dute udalaren berezko aurrekontua, eta 3,6 milioik, Beasain Lantzenena. Luze jo zuen bilerak, gai zerrenda beteak ere hala eskatzen zuelako. Aurrekontuak hartu zuen, ordea, garrantzirik handiena. Koldo Agirre alkateak, kontuak egiteko prozesua azaldu zuen aurrena. «Herritarrekin egin ditugun bilkuretan jasotako ekarpenak» bildu dituztela esan zuen. Horrez gain, «alderdiekin bilera erronda bat egin dugu, eta proposamenen %80 inguru sartu ditugu». Gainontzeko alderdiek ere, eskertu egin zuten bilera horiek egin izana. Agirrek, udala «egoera ekonomiko onean» dagoela azaldu zuen, zorpetzerik gabe, nahiz eta fondo foralari itzuli beharreko diru kopuruaren eragina nabarituko duten. Hala ere, aurten udal tasak igo ez dituztenez, sarrerak ere ozta-ozta mantenduko ditu udalak. Zentzu horretan, aurtengo helburu nagusiak, dituzten baliabideei «ahalik eta etekin handiena» ateratzea [...]
Beasaingo Udalak legegealdi honetako estraineko aurrekontua onartu du. Bazegoen ikusmina udal gobernuak egindako proposamena aurrera aterako zen edo ez jakiteko, eta gainontzeko alderdiek zein jarrera hartuko zuten ikusteko. Bileraren aurretik, Koldo Agirre alkateak gauzak «nahikoa lotuta» zituztela aurreratu zuen, eta pasa den osteguneko bileran garbi gelditu zen hori. Bilduko eta Aralarreko zinegotzien aldeko botoez gain, aurrekontuek Hamaikabateko Joxi Intsaustiren babesa ere izango dute; EAJk berriz, abstentziora jo zuen, «oztoporik ez jartzeko». Hala, udalak 17,7 milioi euroko aurrekontu osoa izango du 2012an; horietatik 13,5 milioik osatzen dute udalaren berezko aurrekontua, eta 3,6 milioik, Beasain Lantzenena.
Luze jo zuen bilerak, gai zerrenda beteak ere hala eskatzen zuelako. Aurrekontuak hartu zuen, ordea, garrantzirik handiena. Koldo Agirre alkateak, kontuak egiteko prozesua azaldu zuen aurrena. «Herritarrekin egin ditugun bilkuretan jasotako ekarpenak» bildu dituztela esan zuen. Horrez gain, «alderdiekin bilera erronda bat egin dugu, eta proposamenen %80 inguru sartu ditugu». Gainontzeko alderdiek ere, eskertu egin zuten bilera horiek egin izana.
Agirrek, udala «egoera ekonomiko onean» dagoela azaldu zuen, zorpetzerik gabe, nahiz eta fondo foralari itzuli beharreko diru kopuruaren eragina nabarituko duten. Hala ere, aurten udal tasak igo ez dituztenez, sarrerak ere ozta-ozta mantenduko ditu udalak. Zentzu horretan, aurtengo helburu nagusiak, dituzten baliabideei «ahalik eta etekin handiena» ateratzea eta «gastua kontrolatzea» direla azaldu zuen.
Emendakinak eta bozketa
Aurrekontuari egindako emendakinen artean, EAJk aurkeztutako sei aldaketetatik bi onartu zituen udalbatzak. Aurrenekoa, Ezkiaga auzoan komun publikoa jartzeko proposamena izan zen; aho batez onartu zuten. Bigarrenak, Lodosako ikastolari dirulaguntza emateko eskatzen zuen, eta EAJ, Bildu, Aralar eta H1! alderdien babesa jaso zuen. Murumendiko bidean sortzen diren ur putzuen inguruko emendakina erretiratu egin zuen EAJk, udal gobernuak arazoari konponbidea emateko konpromisoa agertu duela ikusita.
Behin emendakinak aztertuta, bozketaren garaia iritsi zen. PPko Julio Herrerosek, ezezko botoa iragarri zuen. Inbertsioetan «jaitsiera handia» izan dela eta «proiektu askoren falta» sumatu duela esan zuen. Udalbiltzari eta presoen senideei laguntza ematea ere kritikatu zuen. Bere aldetik, PSE-EEko Alfonso Segadek, «ezkerreko gobernu batengandik gehiago espero» zuela esan zuen, eta aurtengo aurrekontua «iazkoaren kopia» dela.
Hamaikabateko Joxi Intsausti izan zen aldeko botoa iragarri zuen bakarra. Bere ustez, udal gobernuarekin adostasunera iristeko egin diren bileretan, «frogatua gelditu da oposizioari orain arte egotzi zaion blokeo irudia ez zela benetakoa». Aurrekontuetan jasotako proiektu asko aurreko legealditik datozela esan zuen, eta beraien lana «horiek behar diren moduan gauzatzen direla ziurtatzea» izango dela. Hala, «borondaterik onenarekin» eta udal gobernuari konfiantza tartea emanda, aldeko botoa iragarri zuen.
EAJren izenean, Aitor Aldasorok «eskerrak» eman zizkion udal gobernuari, «elkarlana bultzatu duelako eta proposamenak aurkezteko aukera» eman dielako. Hala ere, zenbait arlotan «kezkak» badituztela azaldu zuen. «Lan arloan adibidez, ez dago proposamenik, eta bizi dugun egoeran, aurrekontuetan bakearen arloko ekimenik ez egotea ere ez dugu ondo ikusten». Etxebizitza arloan ere ekimen gehiagoren falta sumatu du Aldasorok, eta Errekarten eta Olaranen babeseko etxeak egiteko aukera dagoela gogorarazi zuen. Gainera, aurrekontu hauek «aurrekoen kopia» izanda, ea kanpainan iragarri zuten aldaketa non gelditu den galdetu zien udal gobernuko kideei. Hori guztia ikusita, «hutsuneak egon arren, gure lana ez da zuena oztopatzea, eta horregatik abstenitu» egingo zirela iragarri zuen.
Azkenik, Koldo Agirre alkateak, «batzuk onartu duzuen moduan, alderdiekin inoiz baino bilera gehiago» egin direla gogorarazu zuen. Eta aurrera begira ere, «alderdien arteko kontsentsua bilatzen» jarraituko dutela esan zuen. Zentzu horretan, hurrengo erronka uda aurretik legealdiko plana adostea izango dela iragarri zuen. Segaderi, «proposamen gutxien eta oztopo gehien» jarri dituena izatea leporatu zion. Aldasorori berriz, beraien helburua «etxe berriak eraiki aurretik hutsik daudenak betetzea» dela erantzun zion, eta horretarako, Bizigune programa indartu nahi dutela.
Bozketaren garaia iritsita, Bilduk, Aralarrek eta H1!ek eman zuten aldeko botoa; 8 boto denera. Kontra, PSE-EEko bi zinegotziak eta PPkoa agertu ziren; EAJko sei zinegotziek berriz, abstentziora jo zuten. Hala, onartuta gelditu da 2012. urteko udal aurrekontua.













