Presoen eta iheslarien eskubideen alde egingo duen Herrira plataforma aurkeztu dute Beasainen
Gaur eguerdian aurkeztu dute Herrira plataforma Beasainen. Herritar askok babestu dute ekimena. Herri bilgune hau “euskal preso politikoen eta iheslarien gaiak ikutzen duen beasaindar ororekin” osatu nahi dutela adierazi dute. Talde “...
Gaur eguerdian aurkeztu dute Herrira plataforma Beasainen. Herritar askok babestu dute ekimena. Herri bilgune hau “euskal preso politikoen eta iheslarien gaiak ikutzen duen beasaindar ororekin” osatu nahi dutela adierazi dute. Talde “zabala, irekia eta anitza” izatea da bere xedea. Inongo alderdi politiko eta sindikaturekin loturarik gabe, modu autonomoan jardungo duena. Helburua, “preso eta iheslariak lehen bait lehen etxeratzea da”, esan dute: “Bidea luzea izango denaren jakitun izanik, egun espetxeetan mantentzen dituzten muturreko egoerekin amaitzea izango da lehen erronka”. Kasuak ere zehaztu dituzte:
-Bakartze eta isolamenduaren amaiera
-Preso gaixoen kaleratzea
-’Biziarteko doktrina’ kentzea
-Kondenaren hiru laurdenak bete dituzten presoak kaleratzea
-Dispertsioaren amaiera, Euskal presoak Euskal Herrira etor daitezen, beraien eskubideen jabe
Gogoratu dutenez, Beasainen sei preso politiko daude egun: Mikel Azurmendi, Lierni Armendariz, Iban Apaolaza, Leire Lopez, ‘Kai’ Saez de Egilaz eta Josetxo Zeberio. Herrira taldearen helburua, esan dutenez, “herriko preso guztiak berriro Beasainen izatea” da. Preso bakoitzaren egoera aztertuko dutela iragarri dute, eta muturreko egoerei lehentasuna emango dietela.
Azkenik, martxoaren 20an 19:30ean udaleko batzar aretoan burutuko den Herrira plataformaren lehen bilerara deitu dituzte beasaindarrak.