
Gaur goizean egin dute Seguran XIV. Aire Libreko margo sariketa. Iparra-Hegoa astearen baitan antolatzen den ekimena da. Aurten guztira hamalau pertsonek eman dute parte hartzeko izena, eta hamahiru lan aurkeztu dira azkenean. Lau sari banatu dituzte guztira: 1.- Eduardo Alsasua (Gasteiz): 350 euro 2.- Fernando Ureta (Artzeniega): 250 euro 3.- Jesus Ukar (Mutiloa-Nafarroa): 150 euro Akzesita.- Julio Gomez (Leioa): 100 euro Dirutan jasotako sariaz gainera, guztiek eraman dute Iparra-Hegoa oroigarri bat. Aurten, aurreko urteetan baino maila hobea izan dela aipatu du epaimahaiak sari banaketa ekitaldian. Arrazoi hori dela era, margolan onenak aukeratzeko zailtasunak izan dituztela aitortu dute, eta azkenean akzesit bat ere banatzea erabaki dute. Goizeko 9:00etan eman zaio hasiera sariketari. 11:00ak bitartean euskarriak aurkeztu behar izan dituzte kultur etxean parte hartzaileek. 13:00ak eta 14:00ak bitartean aurkeztu dituzte lan guztiak. Gaia guztientzako berdina izan da: Segura. Erabili beharreko teknika eta formatoa, aldiz, librea izan da. Sari banaketa ekitaldia 17:00etarako aurreikusita bazegoen ere, antolakuntzak aurreratzea erabaki du. Sariketan aurkeztutako lanak Elorripe tabernan jarri dituzte erakusgai eta salgai.

Lehenengo Gazte Eguna egiten ari dira gaur Lazkaon. Goizean goizetik ekin diote gazteek gauzak antolatzeari. Herriko plazan bazkari herrikoia egingo dute eguerdian, eta mahaiak prestatzea izan da goizean hartu den lehenengo lana. Elastiko gorriak soinean gazte ugari zebilen lanean goizean. Gazte Egunaren harira urtero elastikoak ateratzeko asmoa dute. Kolorez aldatzen joango dira, aurten gorria da aukeratu dutena. Herriko gazteen arteko harremana nahikoa ahula zela ikusita, hutsune hori betetzeko asmoz antolatu dute gaurko eguna Lazkaon. Horretarako propio sortu dute Lazkaoko Gazte Asanblada. Egun honek aurrera begira ere jarraipena izatea da euren asmoa, baita denborarekin “erreferentziazkoa” bihurtzea ere. Dituzten asmoak betetzeko, egitarau zabala prestatu dute gaurko. Goizean zehar gazteen arteko olinpiadak egin dituzte herriko plazan. 14:30ean bazkaritara bilduko dira pilotalekuan. Ondoren, bazkalondoan argazki proiekzioa egingo dute leku berean, 16:00ak inguruan. Behin hori amaituta, 19:00ak aldera, kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar trikitixa lagun. Egunari amaiera emateko 22:00etatik aurrera kontzertuak izango dira: Limbo Bridge, The Last Strenght era Cold Revenge taldeek hartuko dute parte. Behin gaurko egunekoak amaituta, elkartzen jarraitzeko asmoa agertu du Lazkaoko Gazte Asanbladak, talde “dinamikoa eta ekintzailea” izatea nahi baitute.

Sumofic Igartua taldeko Urtzi Muguruzak irabazi du XXX. Usurbe txirrindulari laskerketa. Gaur goizean jokatu dute Mikel Etxeberriaren omenezko proba, eta kadete mailako 118 txirrindularik parte hartu dute. Loinatz txirrindulari elkartekoen arabera, antolakuntza aldetik dena “primeran” atera da eta “giro paregabea” izan dute probaren garaian. Urtzi Muguruzak jantzi du txapela. Bere atzetik, Velo Club Tarnos taldeko Cyril Bordes sartu da, bigarren postuan. Inoxcra Beasain taldeko Dani Maiorak berriz, hirugarren egin du. Txirrindulariek 57 kilometroko ibilbidea egin dute, Goierrin eta Tolosaldean barrena.


