Bertsomoviedak izan duen harrerarekin «oso gustura» gelditu dira antolatzaileak
Jendearen harrerarekin «harrituta» gelditu dira Bertsomovieda lehiaketaren antolatzaileak, zenbat jendek eta talde ezberdinek parte hartu duen ikusita. Bertsoekin loturaren bat zuten ikus-entzunezko lanak aurkeztu behar ziren, eta denera, 26 lan jaso dituzte. Baina jasotako lanen kopuruak ez ezik, sare sozialetan lehiaketa izaten ari den oihartzunak ere harritu ditu antolatzaileak. Iñaki Apalategi bertsolaria da lehiaketa horren antolatzaileetako bat. «Jende askok» parte hartu duela azaldu du; «lehen bertsopaper lehiaketan jasotzen genituenak baino lan gehiago jaso ditugu, eta gehienak taldeka egindako lanak dira, gainera». Hain zuzen ere, hori da gehien harritu dituena, taldeka parte hartu duen jende kopurua, zenbaitetan gainera, talde handiak izan dira. Beraien asmoa, «jendea horren inguruan martxan jartzea» zela azaldu du Apalategik, eta emaitza ikusita, «sorpresa handia» hartu dutela. Arrano elkartetik, bertsopaper lehiaketaren ordez beste zerbait antolatu nahian hasi zirenean, internet, irudia eta bertsoa uztartuko zituen zerbait egitea pentsatu zuten, eta formatuarekin asmatu dutelakoan dago Apalategi. Jasotakoen artean, denetariko lanak daude, batzuek eskolaumeek egindakoak, besteak lagun taldeen artean osatutakoak, eta baita bertsolariek parte hartutakoak ere. Hori dela eta, «oso maila ezberdineko lanak» daude lehiakideen artean. Hori ikusita, ez dute baztertzen aurrera begira maila ezberdinak sortzeko aukera ere. «Denak ezin ditugu saritu, baina aldi berean denei eman nahiko genieke nolabaiteko errekonozimendu bat, lan handia [...]
Jendearen harrerarekin «harrituta» gelditu dira Bertsomovieda lehiaketaren antolatzaileak, zenbat jendek eta talde ezberdinek parte hartu duen ikusita. Bertsoekin loturaren bat zuten ikus-entzunezko lanak aurkeztu behar ziren, eta denera, 26 lan jaso dituzte. Baina jasotako lanen kopuruak ez ezik, sare sozialetan lehiaketa izaten ari den oihartzunak ere harritu ditu antolatzaileak.
Iñaki Apalategi bertsolaria da lehiaketa horren antolatzaileetako bat. «Jende askok» parte hartu duela azaldu du; «lehen bertsopaper lehiaketan jasotzen genituenak baino lan gehiago jaso ditugu, eta gehienak taldeka egindako lanak dira, gainera». Hain zuzen ere, hori da gehien harritu dituena, taldeka parte hartu duen jende kopurua, zenbaitetan gainera, talde handiak izan dira. Beraien asmoa, «jendea horren inguruan martxan jartzea» zela azaldu du Apalategik, eta emaitza ikusita, «sorpresa handia» hartu dutela.
Arrano elkartetik, bertsopaper lehiaketaren ordez beste zerbait antolatu nahian hasi zirenean, internet, irudia eta bertsoa uztartuko zituen zerbait egitea pentsatu zuten, eta formatuarekin asmatu dutelakoan dago Apalategi. Jasotakoen artean, denetariko lanak daude, batzuek eskolaumeek egindakoak, besteak lagun taldeen artean osatutakoak, eta baita bertsolariek parte hartutakoak ere. Hori dela eta, «oso maila ezberdineko lanak» daude lehiakideen artean. Hori ikusita, ez dute baztertzen aurrera begira maila ezberdinak sortzeko aukera ere. «Denak ezin ditugu saritu, baina aldi berean denei eman nahiko genieke nolabaiteko errekonozimendu bat, lan handia egin dutelako».
Lehiakideetako batzuen iritziak ere jaso dituzte, eta gehienek, ikus-entzunezkoa egiten «oso ondo pasa zutela» esan diete. «Beste asko ere etorri zaizkigu, asmoa bazutela, baina azkenean ez dutela astirik izan esanez». Hori guztia ikusita, antolatzaileen aurreneko balorazioa «oso ona» dela esan du Apalategik.
Sare sozialetan ere mugimendu handia sortu da lehiaketaren inguruan, parte hartu dutenetako askok, beraien lanak erakutsi eta botoa emateko eskatzen ari baitira beraien ezagunen artean. Horri esker, jende asko ari da bideo horiek ikusten eta euren lanik gustokoenen aldeko botoa ematen. Apalategik azaldu duenez, egun batean 4.000 orri karga izatera iritsi ziren.
Botoa emateko azken egunak
Behin lehiaketan parte hartuko duten lan guztiak jasota, botoa emateko garaia da. Apirilaren 15era arteko epea dago horretarako. Bertsomovieda.com webgunean sartu, eta bideo bakoitzaren azpian botoa emateko dagoen botoia sakatu behar da. Boto gehien jasotzen dituen bideoak jasoko du ikusleen saria.
Horrez gain, lehiaketaren antolatzaileek beste bi sari emango dituzte: sari nagusia, eta bertso onenen saria. Sari banaketa berriz, hilaren 20an izango da.













