Saturdin festa egingo dute astelehenean, egun osoko erromeriarekin
Zaldibiako Saturdi baselizaren inguruan urteko festa eta erromeria izango da datorren astearen aurrean, Pazko astelehenean, apirilak 9. Egun osoko egitaraua antolatu dute auzotarrek, udalarekin elkarlanean. Goizeko hamaiketan mezarekin hasi, eta iluntz...
Zaldibiako Saturdi baselizaren inguruan urteko festa eta erromeria izango da datorren astearen aurrean, Pazko astelehenean, apirilak 9. Egun osoko egitaraua antolatu dute auzotarrek, udalarekin elkarlanean. Goizeko hamaiketan mezarekin hasi, eta iluntzera arte bertsolariak, dantzariak, herri kirolariak eta trikitilariak izango dira. Meza ondoren Iztueta dantza taldeko haurrek saioa egingo dute. Bi auzotarri omenaldia egingo diete, eta haurrentzat jolasak prestatuko dituzte ondoren. Eguerdian eta arratsaldean Anjel Mari Peñagarikano eta Amaia Agirre bertsolariak ariko dira. Haiekin txandatuz, Gari eta Iñaki trikilariek alaituko dute erromeria musikarekin. Bazkal aurretik, 13:00etan, auzotarren arteko toka txapelketa jokatuko da. Oturuntza 14:30ean hasiko da: zopa, pikatxa, arkumea, mamia eta ondorengoak, 25 euroan. Txartelak Zaldibiako hiru tabernatan daude salgai (Beti Gazte, Joxepane eta Illati), eta ostiralerako erosi behar dira. Goi mailako aizkora saioa Bazkalondoan bertsolariek hartuko dute atzera hitza. 18:00etan herri kirol ikuskizuna hasiko da, Saturdi aurreko zabalunean. Iñaki Azurmendi eta Floren Nazabal txapeldunek egingo dute saioa. Zutitutako hiru metroko enborra ebakiko dute. Erakustaldian Urdax Magunazelaia harri-jasotzailea ere jardungo da. Abadiñoarra da, eta 14 urte ditu. Ilundu arte erromeriak jarraituko du gero.