Gipuzkoako herriarteko pilota txapelketan Goierriko bost herri ariko dira, bi eskuz eta hiru palaz
Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren 2012ko ekinaldia atzo aurkeztu zuten, Donostian. Azken urteotan ohikoa den bezala, hiru ataletan banatuko dute lehiaketa: esku huska, pala eta zesta. Goierrik eskuz eta palaz izango ditu ordezkariak, denera bost herri. Palako modalitatean partaidetza oparoagoa izango da, tradizioz eskuak izan duen indarrak behera egin ondoren.
Esku pilota txapelketan Urretxu eta Zaldibia ariko dira. Zaldibiak iaz atera zuen taldea, eta aurten orduko esperientzia luzatzen saiatuko dira. Lehen kanporaketan Azkoitiak 5-1 menderatu eta bazterrean geratu ziren zaldibiarrak. Zaldibiak Andoain izango du lehenengo aurkaria, final-zortzirenetako koskan. Maiatzaren 27an eta ekainaren 3an jokatuko dira bi jardunaldiak
Urretxuko eskulari taldea lehiaketara aurten itzuliko da. Herriartekoko historikoetakoa da Urretxu. Lehen urtean, 1968an, txapeldunorde geratu zen, Bergararen aurka Azkoitiko udal pilotalekuan jokatutako finalean (16-10, 12-18 eta 22-8 izan ziren emaitzak, haur, gazte eta heldu mailetan).
Urretxuk final-hamaseirenetan ekin beharko dio txapelketari, Alegiaren aurka. Maiatzaren 13an eta 20an dira jardunaldiak.
Esku huskako lehiaketa da, hala ere, Gipuzkoan herri gehienen partaidetza izango duena. 18 herrik parte hartuko dute. Ataunek ez du talderik osatu. Iaz final-laurdenetan erori zen, gero txapeldunorde izango zen Donostiak kanporatu arte.
Palan hiru herri, Lazkao nobedadea
Palako modalitatean berritasun aipagarria du aurten Herriartekoak. Goierriko ohiko bi herriez gain —Ordizia eta Olaberria—, hirugarren bat aterako da kantxara: Lazkao. Denera Gipuzkoako hamar herrik parte hartuko dute palan.
Lazkaok eta Ordiziak lehen unetik heldu beharko diote lehiari, final-zortzirenetan. Maiatzaren 13an eta 20an dira joan-etorriko partidak. Lazkaok Usurbili egin beharko dio aurre; Ordiziak, Debari.
Olaberria hurrengo kanporaketa-koskan sartuko da, iaz finalaurrekoetara iritsi izanagatik. Errenteria izango du aurkari, maiatzaren 27an eta ekainaren 3an.
Kanporaketak, modalitatearen arabera:
Eskua
Pala
Zesta-punta
Gipuzkoako Herriarteko txapelketari buruzko informazio gehiago (historiala, kanporaketa guztiak, taldeak…), hemen.













