Jon Ander Albisu buruz buruko txapelketatik kanpo geratu da, Olaetxeak 22 eta 21 irabazita
Jon Ander Albisu pilotari ataundarrak bere lehenengo buruz buruko txapelketa handian ezin izan du aurreneko kanporaketa gainditu. Mikel Olaetxea aurrelari lizartzarraren aurka 22 eta 21 galdu du, Tolosako (Gipuzkoa) Beotibarren. Markagailuan irauli han...
Jon Ander Albisu pilotari ataundarrak bere lehenengo buruz buruko txapelketa handian ezin izan du aurreneko kanporaketa gainditu. Mikel Olaetxea aurrelari lizartzarraren aurka 22 eta 21 galdu du, Tolosako (Gipuzkoa) Beotibarren.
Markagailuan irauli handiak egin dituzte biek ala biek. Albisu atzelariak, pilota bizia aterata jokatu dio Olaetxea aurrelariari. 9-11 aurretik iritsi da ataundarra partidaren ekuatorera. Baina orduan hasi da lehenbiziko ezustekoa. Olaetxeak 9 tantoko partziala egin du, eta 18-11 atzetik ipini du goierritarra markagailuan. Dena erabakita zegoela zirudienean, atzera benetako joa atera du Albisuk, eta aurreratzea ere lortu du (20-21) azken txanpan.
Hogeita bana zirela, Olaetxeak txokoan egindako ñakuarekin ebatzi du partida, eta hark egin du aurrera. Hurrengo koskan, final zortzirenetan, Julen Retegiri aurre egin beharko dio lizartzarrak.













