Beasaingo umeen danborradak mende erdia beteko du, erroetara itzuliz
Loinazko San Martin kanonizatu zuteneko mendeurrenak, 1962an, ospakizun askotarako eman zuen Beasainen. Gehienak, erlijioarekin lotutako ekintzak izan ziren, eta hala sortu zen Beasaingo haurren danborrada edo desfilea ere. Jesus Dorronsoro eta Jose Maria Osa apaizek eta katekesiko taldeak bultzatu zuten ekimena. Gaur egun herriko ikastetxeek antolatzen dute, baina aldaketak aldaketa, aspaldi hasitako ohitura hark berrogeita hamar urte bete ditu dagoeneko. Aurreneko urteko desfile hark, ez zuen gaur egungo danborradaren antz handirik. Dantzariek eta poxpolinek irekitzen zuten bidea, Ramon Aranburu Txanbo-k gidatutako txistulari gazteekin batera. Danbor joleen ondoren, pilotariek, futbolariek, ijituek eta bestelako pertsonaia xelebreek parte hartzen zuten, hala nola astronauta batek, turistek, karteroak, medikuek, barkillo saltzaileak… Mantendu den gauzetako bat, desfilearen bukaeran ateratzen den karroza izan da. Lehen urtean, Edurne Zuri eta zazpi ipotxen ipuina irudikatu zuten. Hasierako izaera berpiztuz Denborarekin ordea, ohiko danborraden gero eta antz handiagoa hartu du. Baina aurten, mende erdia betetzen dela aprobetxatuz, desfilearen hasierako izarea hari eutsi eta lehen urte hartako hainbat berezitasun berreskuratu nahi izan dituzte antolatzaileek. Gurutze Sukia kultur teknikariak azaldu duenez, urtemuga dela eta, «konpainia bat duela 50 utreko eran» ateratzea erabaki dute. Ikastetxe guztietako umeek parte hartuko dute bertan, eta aurreneko urte hartan bezala, era guztietako mozorroak ikusi ahalko dira: «sardinerak, futbolariak, pilotariak, poxpolinak, iñudeak [...]
Loinazko San Martin kanonizatu zuteneko mendeurrenak, 1962an, ospakizun askotarako eman zuen Beasainen. Gehienak, erlijioarekin lotutako ekintzak izan ziren, eta hala sortu zen Beasaingo haurren danborrada edo desfilea ere. Jesus Dorronsoro eta Jose Maria Osa apaizek eta katekesiko taldeak bultzatu zuten ekimena. Gaur egun herriko ikastetxeek antolatzen dute, baina aldaketak aldaketa, aspaldi hasitako ohitura hark berrogeita hamar urte bete ditu dagoeneko.
Aurreneko urteko desfile hark, ez zuen gaur egungo danborradaren antz handirik. Dantzariek eta poxpolinek irekitzen zuten bidea, Ramon Aranburu Txanbo-k gidatutako txistulari gazteekin batera. Danbor joleen ondoren, pilotariek, futbolariek, ijituek eta bestelako pertsonaia xelebreek parte hartzen zuten, hala nola astronauta batek, turistek, karteroak, medikuek, barkillo saltzaileak… Mantendu den gauzetako bat, desfilearen bukaeran ateratzen den karroza izan da. Lehen urtean, Edurne Zuri eta zazpi ipotxen ipuina irudikatu zuten.
Hasierako izaera berpiztuz
Denborarekin ordea, ohiko danborraden gero eta antz handiagoa hartu du. Baina aurten, mende erdia betetzen dela aprobetxatuz, desfilearen hasierako izarea hari eutsi eta lehen urte hartako hainbat berezitasun berreskuratu nahi izan dituzte antolatzaileek. Gurutze Sukia kultur teknikariak azaldu duenez, urtemuga dela eta, «konpainia bat duela 50 utreko eran» ateratzea erabaki dute. Ikastetxe guztietako umeek parte hartuko dute bertan, eta aurreneko urte hartan bezala, era guztietako mozorroak ikusi ahalko dira: «sardinerak, futbolariak, pilotariak, poxpolinak, iñudeak eta txistulariak aterako dira».
Gainontzean, azken urteetako egitura mantenduko dute. Hala, eskola bakoitzak 50 bat danbor jole eta kupel aterako ditu. Urtero, ikastetxe bat arduratzen da karroza egiteaz, eta besteen danbor jole kopuru bikoitza izaten du. Aurten, La Salle ikastetxeak izango du ardura hori.
Umeen desfilea bihar eguerdian aterako da, Igartza auzotik. Herrian barrena ibiliko dira, Koskola txarangak, Beasaingo Goizeresi txistulari taldeak eta Loinatz Musika Eskolako bandak lagunduta. Helduen danborradan egiten duten moduan, umeenean ere Beasaingo musikariek egindako doinuak joko dituzte. 12:45ean plazan elkartuko dira, erretreta jotzeko. Horren aurretik, ordea, danborradaren sortzaileei omenaldia egingo diete. Herriko dantzariek agurra dantzatuko dute duela 50 urte egin zen aurreneko desfile hartan parte hartu zuten hainbat herritarren aurrean.
Helduena ere, berrikuntzekin
Umeenak ez ezik, helduen danborradak ere badakartza berrikuntzak. 2010. urtean hasitako bidetik, aurten herriko musikariek egindako beste bi pieza berri sartuko dituzte. Batetik, Xabier Sarasolak duela urte batzuk Txanboren omenez egindako kalejira egokitu dute danborradarako. Bestetik, Pello Irizarrek bere anaia eta danborradaren sortzaileetako bat izan zen Martin Irizarri eskainitako Martintxo pieza ere sartuko dute. Pieza horiek eta azken hiru urteetan sartutakoak entzuteko aukera ere izango da.
EGITARAUA:
bihar
- 12:00. Umeen danborrada edo desfilearen irteera, Igartza auzotik.
- 12:45. Umeen danborradako konpainien bilkura eta azken joaldia, Koskola txarangarekin, Beasaingo Goizeresi txistulari taldearekin, eta Musika Eskolako bandarekin. Sortzaileei omenaldia.
- 18:30. Danborradako konpainien irteera herriko kaleetan.
- 22:30. Helduen danborrada, Zapatari kaletik abiatuta.
- 00:00. Danborradako konpainien bilkura eta azken joaldia plazan, Koskola txarangarekin eta Beasaingo bandarekin.