Jose Antonio Munduateren kartzela zigorra zazpi urtetik bost urtera jaitsi du fiskalak
Espainiako Auzitegi Nazionalean eginiko bost auzi saioetan ez da frogatu hamahiru auzipetuen eta ETAren arteko loturarik zegoenik. Hala uste du, behintzat, hamahiru auzipetuen defentsak. Frogatuta geratu den egitate bakarra izan da auzipetuen lan polit...
Espainiako Auzitegi Nazionalean eginiko bost auzi saioetan ez da frogatu hamahiru auzipetuen eta ETAren arteko loturarik zegoenik. Hala uste du, behintzat, hamahiru auzipetuen defentsak. Frogatuta geratu den egitate bakarra izan da auzipetuen lan politikoari «jazarri» dietela. Hala salatu du Jone Goirizelaia abokatuak. «Akusazioak erabili duen arrazoibideari jarraituz, ehunka euskal herritar egon beharko lirateke hemen eserita», nabarmendu du.
Atzo amaitu zen D3M eta Askatasuna auziko epaiketa. Hamahiru auzipetuen defentsak eta fiskalak ondorioen txostenak aurkeztu zituzten. Defentsak auzipetu guztien absoluzioa eskatu zuen; Vicente Gonzalez Mota fiskalak, berriz, hamaikarentzako zigor eskaerak jaitsi zituen, eta beste biri eginikoak kendu. Hori hala, «ETAren fronte politiko-instituzionaleko kide» izatea leporatuta, bederatzi urtetik sei urte eta erdira jaitsi die zigor eskaera Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Agurtzane Solabarrieta, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta eta Zuriñe Zorrozuari; eta «kolaborazio» delitua leporatuta, zazpi urtetik bostera Jose Antonio Munduateri eta Xabier Isasari. Delitu bera leporatuta auzipetu zituzten Fernando Antia eta Aitor Liguerzana, baina orain auzitik kanpo utzi ditu, eta, beraz, aske geratu dira —Liguerzana preso dago, beste auzi batengatik—.
Informazio gehiago hemen.