
New Orleans jazzaren eta bluesaren hiriburua bada, Urretxu eta Zumarraga txalapartaren herriak dira. Toki gutxitan daude bi herri horietan adina txalapartari eta bihar, larunbata, egun osoan, Txalaparta Eguna ospatuko dute. ZSK Zuhaitzaren Soinua Kolektiboak lau urtez behin antolatzen du Txalapartari Eguna Urretxu-Zumarragan. Bi herrietan aspaldikoa da txalaparta jotzeko duten ohitura, baina instrumentuarekiko duten lotura indartu nahi dute Txalapartaren Egunarekin. Zuhaitzaren Soinua Kolektiboaz gain, Iñaki eta Aitor Mendiaraz anaiak dira Urretxun eta Zumarragan txalapartarekin lotura handienetakoa dutenak. Mendiaraz anaiek 70eko hamarkada erdialdean entzun zuten lehenengoz txalaparta. Untzilla legazpiarrak Urretxun egin zuen saio baten ondoren erabaki zuen Iñaki Mendiarazek txalaparta jotzen ikastea. Legazpiko parrokia azpian ikasi zuen, Migel Iraeta Poxpolo zumarragarrarekin batera. Ondoren, eman zuen pausoa Aitor Mendiarazek, eta elkarrekin lehen emanaldia Legazpiko Telleriarte auzoan egin zuten, San Joan festetan. Garaiko txalapartari ezagunenak Zuaznabar aita-semeak eta Artze anaiak zirela diote bi anaiek, eta haiekin ere aritu ziren. «Zuaznabartarren baserrira joan ginen ikastera eta jotzeko esan ziguten. Hasi ginenean, zertara joan ginen galdetu ziguten, jotzen bagenekiela-eta». Jesus Mari Domingez Bulik ere bizitza ia osoa darama txalaparta jotzen. Herriko hainbat artistek Juan XXIII eskolaren azpian zuten lokalean txalaparta bat zegoela gogoratzen du. Han ezagutu zuen instrumentua. «Jose Manuel Bereziartua Berek bikoak eta herrenak jotzen [...]


