
Urretxuko boluntario taldeak janari bilketa egingo du bihar egun osoan zehar. Hilabeteak daramatza boluntario talde honek gutxien dutenen artean janaria banatzen. Hilean behin egiten dute janari otarren banaketa Pagoeta auzoko lokal batean. Gutxi gorabehera 33 bat familia dira zerbitzu honetaz baliatzen direnak.
Uztailean egin zuten lehenengo janari bilketa, eta «orduko arrakasta errepikatu asmoz» antolatu dute bigarren hau. Euren asmoa urtean gisa honetako bi bilketa egitea da, hilero banatzen dituzten otarrak osatu ahal izateko. Lehenengo aldi hartan hiru orduz egon ziren janaria biltzen BM eta Eroski saltokietan, eta 700 kilo janari batu zituzten guztira.
Bigarren aldi honetan egun osoan zehar egingo dute bilketa, «etenik gabe, goizeko 9:00etan hasi eta gaueko 21:00ak arte», adierazi dute.
Gutxien duenari ematea
Aurrekoan bezala, lekaleak, arroza, azukrea, olioa edo kontserba latak jasoko dituzte. Galtzen ez den janaria, azken batean. BM eta Eroski saltokietan izango dira egun osoan zehar. Herritar guztiei egin diete ekarpen bat egiteko deia «data seinalatu hauetan behar gehien dutenekin elkartasuna adierazteko», amaitu zuten.