Gogoeta eta elkarrizketa taula gainera
Zumarragako Zelai Arizti aretoan Proyecto 43-2 antzezlana taularatuko dute ostiral arratsaldean. Sortzaileen arabera, «ikuskizuna proposamen artistikoa eta pedagogikoa da, non antzerkia gogoetarako eta elkarrizketarako bitartekaria bihurtzen den».
Ikuskizunaren aurkezpena gaur egingo dute Bilboko Deustuko Unibertsitatean, eta datozen egunetan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan aurkezteaz gain, Barakaldon (Bizkaia) eta Eibarren ere (Gipuzkoa) taularatuko dute. Sortu berri duten antzerki taldeak, ikuskizunari jarri dion izena Gernikako Arbolaren koordenatuetatik atera dute.
Antzezlana ikerketa baten ondorio dela esan dute sortzaileek. Elkarrizketak egin dizkiete Euskal Herriko gatazka politikoaren hainbat biktimari, baita euskal gizarteko zenbait norbanakori ere. Ateratako ondorioekin osatu dute antzezlana. «Antzerkia komunitatea sortzeko tresna eta bakearen kulturaren sustatzailea izan daiteke», diote lanaren sortzaileek.
Zelai Arizti aretoan ostiralean izango da emanaldia, 19:30ean. Sarrerak 8 euroan salduko dituzte, eta antzezlana amaitzearekin batera solasaldia izango da sortzaileen eta ikuslegoaren artean, aretoan bertan.














