
Azurmendi langile porrokatua da. Odolemaile elkartea sortzeaz gain, zinegotzia izan zen, bertsolari saioak antolatu zituen, Idiazabalgo berriemailea izan zen hainbat aldizkari eta egunkaritan…
Nolatan sortu zen Idiazabalgo odolemaile elkartea?
Beasainen elkartea sortu zuten eta hango ordezkariak deitu zidan Idiazabalen ere taldea eratzeko. 1969an izan zen hori. Lauzpabost lagun elkartu ginen. Garai hartan urtean bitan ateratzen zen odola eta, egun, hirutan. Hasi ginenean aldi bakoitzean 25 bat lagun etortzen ziren eta egun 65-70. Idiazabal, biztanleko odol gehien ematen duen Gipuzkoako hirugarren herria da.
Zuk zeuk ere makina bat aldiz emango zenuen odola.
70 aldiz. 41 urtez izan nintzen ordezkari. 65 urterekin utzi nion odola emateari, behartuta. Izan ere, adin horretatik gorakook ezin dugu eman.
Ba al dago bereziki gogoratzen duzun uneren bat?
Duela hamarkada batzuk, herriko neska batek odol asko behar zuen eta herritarrek primeran erantzun zuten. Jendea kontzientziatzeko balio izan zuen. Ondoren, neska honek Erizaintza ikasi zuen eta Policlinican lan egin zuen.
Aurten jaietako pregoia irakurri duzue.
Jendea berriro berotzeko ona izango dela uste dugu. Odolemaileak guztiz beharrezkoak dira. Izan ere, aurrerapen asko ditugu, baina inork ez du asmatu oraindik odola egiten. Odola ematea bizitza ematea da. Oso pozgarria da. Aipatutako neskaren bizitza denon artean atera genuen aurrera. Beharra duenari besoa luzatzea, bizitza honetan egin daitekeen gauzarik ederrena da.
Asko aldatu al da zuen elkartearen lana?
Hasieran, odolemaileei ematen dizkiegun ogitartekoak gure poltsikotik ordaintzen genituela gogoratzen dut. Alabak udaletxean lan egiten zuen eta berak esan zidan Udalari diru-laguntza eskatzeko.
Odolemaile elkartea sortzeaz gain, hamaika ekimenetan parte hartu duzu.
Ematen jarraitzeko urte gutxi gelditzen zaizkit eta zenbat eta urte gutxiago aurretik, orduan eta laguntzeko gogo handiagoa dut. Lan asko dago egiteko. Txikiteoa ondo dago, baina gizakiak produzitu beharra du. Egun, Nagusilaneko kidea naiz eta elbarri bat paseatzera ateratzen dut.
Zinegotzia ere izan zinen.
Zortzi urtetan lan egin nuen udaletxean. Ez da komeni instituzioetan denbora gehiegi egotea. Gu udaletxean egon ginen urteetan pilotalekua, alboko bidea eta igerilekua egin ziren, besteak beste. Lan asko egin genuen.
Nola ikusten duzu ondorengoek egindako lana?
Antton Irizarrek lan bikaina egin zuen. Ioritz Imaz ere ondo ari da, baina egun ez dago dirurik. Idiazabalen harro egoteko arrazoiak ditugu: Franco hil zenetik, udaletxean denok jator lan egin dugu eta ez inork ez du ezer eraman poltsikora. Gainera, beti ondo konpondu gara, nahiz eta ideologia ezberdinetakoak izan. Elkarrekin bizi beharra dugu eta gure lana herriko arazoei erantzuna ematea da.
Kultur arloan ere lan egin duzu.
Bertsolaritza oso gustuko dut. Zepai saria antolatu nuen 10 urtetan zehar eta Ampo saria beste 5 urtez. Lehena bigarren mailako bertsolarientzat antolatzen genuen eta bigarrena gazteentzat.
Bertsolari asko ezagutuko dituzu, beraz.
Lazkano, Lazkao Txiki, Agirre, Lizaso… ezagutu nituen. Askok eta askok Idiazabalgo bertsolari txapelketetan abestu zuten.
Duela 40 urte gogorra al zen bertsolari saioak antolatzea?
Gaiak gobernadoreari bidali behar zitzaizkiola gogoratzen dut. Hori guztia, euskara, herri mugimendua eta gaztedia indartzeko egin genuen. Geure garaian ez ginen pistola poltsikoan ibili, baina erabiltzeko aukera izan genuen. Garai hark hori eskatzen zuen.
Zein duzu bertsolari gustukoena?
Lazkao Txiki lagun leihala izan zen. Azpillaga eta Lopategi ere bai. Lazkao Txikiren bertsokera alaia eta distiratsua zen. Azpillagak eta Lopategik, berriz, herri mugimenduaren alde asko egin zuten. Basarriri gazta pare bat eramaten nion Zarautzera, El Diario Vasco eta La Voz de España egunkarietan Zepai sariaren propaganda egin zezan. Agirre, Lizaso eta Lazkano ere lagun onak izan dira.
Bertso saioetara joaten al zara oraindik?
Bai. Antolaketa lanak utzi nituen, baina saioetara joaten naiz. Herriko jaietako saioan izan nintzen, adibidez. Lizasok eta Zubeldiak lan oso ona egin zuten: ez motza eta ez luzea. Bertso gosez utzi behar da jendea. Gainera, saio alaia izan zen, festetarako aproposa.
Guraso elkartearen sorreran ere parte hartu zenuen.
Lokala erosteko sei Seat 600 zozketatu genituen. Horietako bat herriko apaizari tokatu zitzaion eta ez zuen hartu. Parrokiako abesbatzako kidea ere banaiz. Soldadutza egin ondoren hasi nintzen eta hor jarraitzen dut. Agur Gurutzetako Ama da nire abesti kuttuna: herriko lehen parrokia Gurutzetakoa da, ondoan bizi izan nintzen eta hori da, gainera, herriko ereserkia.
Berriemaile aritu zinen.
Hala da: Zeruko Argia aldizkarian eta El Diario Vasco eta Deia egunkarietan. Zeruko Argian bazkide berriak lortzeagatik sariak ematen zituzten eta nik dozena erdi bat sari lortu nituen: berogailua, izozkailua…
Hori guztia gutxi balitz, herriko bi lantegi nagusietan lan egin zenuen: Patrizio Etxeberrian eta Ampon. Idiazabaldar petoa zara.
Ez naiz idiazabaldar peto-petoa. Gurasoak Zegamakoak ziren, baina aitak igeltsero lan egin zuen Legazpiko Patrizio Etxeberrian. Legazpira ezkondu ziren. Legazpin jaio nintzen, baina bederatzi hilabete nituenean aita Idiazabalgo lima fabrikara bidali zuten.