Hamaseigarren jokalariari
«Poz handia sentitzen dut. Ni nahiko hotza naiz gauza hauetarako, eta saiatzen naiz itxura mantentzen, baina barrutik poz handia sentitzen dut. Beste poz bat jendearentzako eta guretzako. Aurrera jarraitzeko gogo gehiagorekin gaude». Begiak bustitzeko gutxi falta zitzaiola Aitor Araña Ordizia Rugby Elkarteko presidenteak partida bukatu berritan egindako hitzak dira horiek, El Sardinero zelaian. Ordurako harmailak husten hasiak ziren, baina begiratua han zuen Arañak, bi ordu luzez estadioan bizitakoa islatu nahian.
Axio Araña entrenatzaileak, berriz, jokalariek partidan zehar erakutsitako elkartasuna nabarmendu zuen, Arrano Beltzaren ikurra zeraman ezpata eskuan zuela. «Sentipen hau ezin da azaldu, bizi egin behar da. Sari handi bat da herri txiki batentzako». Hura ere behin baino gehiagotan hurbildu zen herenegun zaleengana, eta begiratu hutsarekin dena adierazten zuen. «Herrikoa ere zerbait handia izango da, baina honekin ere –zaleei begira– oso pozik gaude». Bi anaien hitzek ondo baino laburbiltzen dute kluba osatzen duten guztien sentipena: esker ona herriari, esker ona zaleei. Klubaren 40. urteurrenean, historiako bigarren titulua lortu zuen atzo Ordiziak.
Palentziakoa errepikatzera
Finala baino hamabost bat egun lehenago ez zen oraindik sumatzen Ordizian iazko finala jokatu bezperako giro hura –beste bi final jokatuta zeuden harrezkero, eta biak galdu–, baina azken astean sartuta, Kopako bigarren finala kaleko hizpidea bihurtu zen. Guztira hamalau-hamabost autobus abiatu ziren asteburuan Santanderrera, batzuk bi egunak pasatzeko intentzioarekin, besteak egunean. Eta joan-etorria autoan egin zutenak gehiago izan ziren. Ordiziako taldea animatzera hiru bat mila zale joan zirela kalkulatzen da, Goierrikoak gehienak, baina baita Gipuzkoako beste herri batzuetakoak ere.
Igande goizean bederatzi autobus irten ziren Arboladitik Kantabriako hiribururantzat. Errugbizale talde batek antolatuta, hamaiketakoa eta bazkaria barne zuen plana proposatzen zuten. Begi potoloak sumatzen ziren artean, baina Muskizko (Bizkaia) zerbitzugunera iritsi orduko, bestelako itxura erakutsi zuen zalegoak. Indarrak berrituta, hamaikak pasatxo zirela iritsi ziren estadioaren atarira, eta aldamenean zegoen parke bat baliatu zuten hamaiketakoa egiteko.
Handik zelaira. Ordurako kolore gorri-urdina nagusi zen El Sardineroren atarian, eta minutu gutxiren bueltan, atarien ez, barruan zen uholdea. Iazko apirilean Palentziako La Nueva Balastera zelaian bizitakoa errepikatzea zen haien nahia, eta lortu zuten, lortu zutenez.
Harrera jendetsua Ordizian
Errusiar entsalada eta urdaiazpikoa tomatearekin bazkaldu eta gero, 17:00etan abiatu ziren Ordiziarantz autobusak, eta 20:00en bueltan han ziren denak. Ordurako jendez gainezka zegoen Frai Andres ingurua, eta 20:30ak pasatxo zirela iritsi ziren jokalariak. El Sardineron bezalaxe, Joanes Aierbe eta Xabier Lerma kapitainak izan ziren Kopa zaleen aurrean altxatu zutenak, norberak bere alaba soinean zeramala. Suzirien hotsa tartean, urduritasuna ere suma zitekeen herrian.
Plaza Nagusian ez zegoen aurten oholtzarik, eta udaletxean egin ziten harrera taldekideei, Igor Eguren alkatea gidari zela. «Urte bat kointzidentzia izan daiteke, bigarrena ez. Urte askotako lanaren ondorioz iritsi gara iritsiko garen lekura», bota zuen balkoitik Aierbek, eta honakoa gehitu zuen Araña entrenatzaileak. «Argi esan behar dugu: zuek gabe ez genuke hau lortuko. Milesker». Agurra ere dantzatu zieten jokalariei, eta Zeelanda Berrikoak ere animatu ziren 16. jokalariari eskainitako Haka dantzatzera.













