
Ampo Ordiziak bigarren urtez segidan jaso du Espainiako Kopa, El Sardinero (Santander) zelaian jokatutako finalean Valladolideko VRAC Quesos Entrepinares taldea mendean hartuta (27-17). Partida aldapa gora jarri zitzaien goierritarrei, zortzi minutu eskasean 17-0 jarri baitziren aurretik Gaztelakoak, baina Ampo Ordiziak erreakzionatzen jakin zuen, eta bigarren zati gogoangarri bat jokatuta –VRACek ez zuen puntu bakar bat ere lortu– Kopa Ordiziara bidean jartzea lortu zuten berriz jokalariek. Eta baita zaleek ere, txalogarria baita beste behin taldearekiko erakutsiko duten fedea eta konpromisoa.

Santanderren Espainiako Kopa irabazi eta gero, herrira itzultzean harrera beroa egin zieten Ampo Ordiziako jokalariei. Ehunka herritar bildu ziren Frai Andresen estatua paretik plazara bitarteko bidean, jokalariei agurra egiteko. Bidea jendearen txalo eta babes oihuen artean egin zuten jokalariek. Udaletxean, udalaren esker ona ere jaso zuten; Picassoren Gernika koadroan oinarritutako oroigarri bat eta finaleko argazki bat oparitu zizkieten. Ordiziako dantzariek agurra ere egin zieten. Ordiziarrak gera abestuz bukatu zuten ekitaldia.

Aurten, hamargarren edizioa beteko du argazki lehiaketak, eta aurkeztuko diren lanetan islatu beharreko gaia biodibertsitatea izango da. Lurrean bizi diren izaki, mikroorganismo, landare, animalia, habitat eta ekosistemen aniztasuna da biodibertsitatea. Ezinbesteko baldintza izango da baita, argazkiak Urola garaia bailaran ateratakoak izatea ere. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 24ra bitartean egongo da irekita. Lanak fokaturolagaria@uggasa.com helbidera bidali behar dira.


