Ormaiztegiko mendi eta abentura astea, hastear
Asteartean hasi eta abenduaren 3an amaituko da 33. edizioa. Igandeko mendi irteerarako izen ematea azaroaren 11ra arte.
Herriko mendi irteera iaz, mendi eta abentura astearen baitan. Ormaiztegiko kirol elkartea Astearte arratsaldean emango diote hasiera Ormaiztegiko 33. Mendi eta abentura asteari. Ohiko egitaraua antolatu du beste urte batez Ormaiztegiko kirol elkarteak, baina aurten, azaroaren 11ko greba deialdiak baldintzatuko du astea. Bihar hasi eta igandera bitartean luzatuko da 33. edizioa, baina asteazken honetarako aurreikusitako emanaldia abenduaren 3ra, Euskararen egunera, atzeratu dute antolatzaileek.
Lau ikus-entzunezkok osatuko dute egitarauaren mardula, guztiak mendiarekin zerikusia duten lanak izango dira. Lau emanaldietatik bi emakumeek ondutakoak izango direla aurreratu du Unai Barrenetxea, Ormaiztegiko kirol elkarteko kideak: «Beti saiatzen gara emakumezkoek ekoitzitako lanen bat ekartzen, baina aurten bi suertatu dira». Emanaldi guztiak euskaraz izango dira eta 19:00etan eskainiko dira gizarte etxean.
Eskia eta eskalada, hasteko
Sonia Rodrigezen Neguaren aztarnari jarraituz ikus-entzunezkoak irekiko du gaur zikloa. Lofoten irletan (Norvegia), Georgian eta Kurdistanen eskiatzen zuen bitartean grabatutako irudiak eskainiko ditu. Neguko paisaiak izango dira nagusi, elurraren zuriak jantzita. Ostegunean, Luis Arrietaren Sustraiak izango da ikusgai. «Mendiaz gain gizarte arloko gaiak ere lantzen dira Iruñeko GKE batek gazteak eskaladara hurbiltzeko egiten duen lana azpimarratzen duen ikus-entzunezko honetan», dio Barrenetxeak.
Josu Merinoren Nere mugen gainetik eskainiko dute ostiralean. 2025ean, Dolomiten mendebaldean eta ekialdean eta Suitzako Kandesteg inguruan Dry-Tooling modalitatean egindako eskaladetan oinarritzen da. Dry-tooling-a izotz-eskaladako tresnak (pioletak eta kranpoiak) erabiliz izotzik gabeko harkaitz hormak igotzean datzan eskalada modalitatea da.
Mendi irteera eta gaztainak
Urteroko proposamenari jarraituz, aurten ere mendi irteera egingo dute igandean, mendi eta abentura astea borobiltzeko. «Urteroko ibilbidea» izango dela aurreratu du Barrenetxeak: udaletxetik irten eta Arandia, Urbizu, Zelandieta, Española eta Liernitik barrena berriz udalxean amaituko dute, hiru bat orduko irteeran. Izena emateko azken eguna azaroaren 11 da, eta kultura@ormaiztegi.eus helbidea idatzi behar da. Amaieran, mokadutxoa egongo da parte hartzaile guztientzat. Arratsaldean, mendi eta abentura asteko beste klasikoetako bat: San Andres herriko eskolako guraso elkarteak antolatutako gaztaina jana. 18:30ean izango da, eliz atarian.
Aurreratu bezala, aurten, ez ohiko amaiera izango du mendi eta abentura asteak. Euskararen Egunarekin emango diote amaiera zikloari, hasiera batean, asteazken honetarako aurreikusita zegoen Bost ametsetan Afrika. Bizikletaz ehundaka kilometrotan milaka bizipen. Irrifar bat ikus-entzunezkoaren emanaldiarekin. Bost emakume kirolariren —Nekane Zaldua, Mertxe Petxarroman, Jasone Etxeberria, Sonia Rodrigez eta Susana Elosegi— bizipenak laburbiltzen ditu ikuskariak.














