«Liburua idaztea ez da helburu bat izan, hala suertatu da»
Irati Diez Virtok emango dio hasiera gaur Zeraingo Udazken Kulturalari. Haurrentzako argitaratu duen liburuaren aurkezpena egingo du kultur etxean, 18:30ean.
Irati Diez Virto segurarra, 'Nola egiten dute lo animaliek?' liburua eskuan duela.Hitza Zerainen bizi den Irati Diez Virtok (Segura, 1996) Nola egiten du animaliek lo? haurrentzako liburua argitaratu zuen maiatzean, Maddi Astigarraga Bergara debarrarekin batera. Diezek Biologiako ikasketak egin zituen eta ikerketaren esparruan lan egin ondotik, gaur egun, zientziaren komunikazioan dihardu. Bera izan da animalien loa ikertzearen arduraduna eta Astigarraga liburua osatzeko ilustrazioez arduratu da.
Nola sortzen da proiektu hau gauzatzeko ideia?
Ideia ez zen nirea izan. 2023an, Euskadi Irratiko Faktoria saioko Maider Segurola kazetariak deitu zidan animalien loaren inguruko irratsaio bat egitea proposatzeko. 15 bat saio egin genituen guztira. Saioa amaitu zenean, idatzitako gidoiekin testu horiek liburu formatuan jartzea ideia polita izan zitekeela iruditu zitzaidan; haurrei zuzenduta. Zentzu horretan ilustrazioak sartzeko beharra ikusi nuen, haurrentzat ulergarriagoa izan zedin eta Maddirekin jarri nintzen harremanetan zuzenean, beste proiektu batzuetatik ere ezagutzen nuelako.
Argitaratzeko zailtasunik izan zenuten?
Bat ere ez. Maddik aurretik beste liburu bat argitaratua zuen Sua argitaletxekoekin —Koloretako intsektuak—; haiekin saiatu ginen eta segituan eman ziguten baiezkoa.
Zer irizpide jarraituta egin duzu liburuan agertzen diren animalien aukeraketa?
Animalia basatietan jarri nuen fokua hasieran, ahalik eta ezberdinenak izatea nahi nuen, ez bakarrik ugaztunak edo hegaztiak. Euskal Herriko espezieak hartzen saiatu nintzen, baina dokumentatzen joan nintzen heinean ikusi nuen animalia batzuk oso bitxiak zirela lo egiteko moduagatik nahiz eta bertakoak ez izan. Hortaz, bietatik sartu ditut: Euskal Herrikoak eta oso kuriosoak ziren kasuetan baita beste leku batzuetakoak ere.
«Antartikako pinguino espezie batek, adibidez, lau segundoko mikro-lo kuluxkak egiten ditu»
Adibidez, zer berezitasun aurkitu dituzu bidean?
Denak izan dira oso kuriosoak, baina baten bat aipatzekotan Antartikako pinguino espezie bat aipatuko nuke; lau segundoko mikro-lo kuluxkak egiten dituelako. Edo Australiako dortoka bat ere bai, lo egiteko ipurditik hartzen duelako arnasa, uretako animalia den heinean. Bertako animalietan saguzarrak ere azpimarratuko nituzke. Egia esan denak iruditu zaizkit politak.
Gaur herritarren aurrean aurkeztuko duzue liburua.
Maddi ere etorriko da aurkezpenera eta haurrei zuzendutako aurkezpen bat bezala planteatu dugu gaur arratsaldekoa. Dinamikoa izaten saiatuko gara, eta Maddi ilustratzailea dela aprobetxatuz, margotzeko aukera ere izango dute. Liburuko hiruzpalau animalia aukeratu ditugu eta asmakizun modura haurrek zenbateraino ezagutzen dituzten jakingo dugu, jolas moduan. Zeraingoa izango da lehenengo aurkezpena, baina beste herri batzuetara iristen ere saiatuko gara.
Ez zara idazlea, baina ba al daukazu gisako beste proiekturik buruan?
Liburu bat idaztea ez da helburu bat izan, hala suertatu zen. Beti egiten du ilusioa liburu bat argitaratzeak baina momentuz, ez daukat beste ideiarik.

Aurkezpena, Udazken Kulturala hasteko
Gaurko liburu aurkezpenaren ondotik, azaroaren 12an izango du jarraipena ZerainLab Fundazioak antolatutako Udazken Kulturalak. Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburuaren aurkezpena eta solasaldia izango da 19:00etan kultur etxean, Jakoba Errekondo eta Markel Arriolabengoarekin. Azoaren 20rako, Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean Herri txikiak aurrera begira egitasmoko 10. kongresua antolatu dute, Etorkinak komunitatearen parte izenburupean. 11:00etan, kultur etxean.
Abenduaren 4an ospatuko dute aurten Euskararen eguna, amaitzeko. Mugari begira – Muga ikusezinak eta azken gogoeta solasaldia eskainiko du Aritz Ganboa de Migelek (18:30) kultur etxean eta bertso afaria izango da ondoren, Mandio tabernan. Aratz Igartzabal eta Eneko Araiztegi arituko dira bertsotan.













