«Etxebizitza oinarrizko eskubidea da, eta bermatuta egon behar du»
Espekulatzaileak espropiatzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitza behar sozialen arabera planifikatzea eskatuko dute Greba Orokorrean.
Amaia Fidalgo eta Mattin Aranburu Goierriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak. Hitza Azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen alde Greba Orokorra egingo dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta gehiengo sindikalak –ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru–. Eskualdean asteak daramatzate prestaketa lanetan, eta xehetasunen berri eman dute.
Etxebizitzaren arazoak harrabotsa sortu du azken asteetan.
Aranburu: Etxebizitzaren arazoa ez da iraganeko kontua. Negoziorako baliabide gisa erabiltzen da, eta espekulatzaileek zein errentatzaileek etekin handiak bereganatzen dituzte horren kontura.
Eskala handiko krisia jasaten ari da langile klasea: alokairuen prezio altuak, emantzipatu ezin diren gazteak eta egunerokoan gauzatzen diren etxegabetzeak dira horren adibide. Arazoa ez da baliabide falta; aberatsak gehiago ari dira aberasten, langile klasea miseriara bultzatzen duten bitartean.
Fidalgo: Errealitate horrek eztanda egin du azken asteetan, eta etxebizitzaren inguruan aktibatu den ezinegon sozialak, antolakuntzak eta borrokak Greba Orokorrerako baldintzak jarri ditu. Hori dela eta, kaleak hartzeko hitzordua izango da datorren asteazkenekoa.
«Goierriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin antolatuta dauden 9 familia daude, gutxienez, etxegabetze-arriskuan»
Mattin Aranburu
Goierrin ere salatu dituzue hamaika kasu.
Aranburu: Euskal Herrian bataz beste 3,2 etxegabetze gauzatzen dira egunero, eta gure eskualdean ere, momentu honetan Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin antolatuta dauden 9 familia daude, gutxienez, etxegabetze-arriskuan.
Fidalgo: Azken asteetako eskualdeko gertakariak ere ez dira kasu isolatuak: Ordizian, San Juan de Dios familia bat etxegabetzen saiatzen ari da eta Beasainen adin txikiko haur bat duen familia bat etxegabetze-arriskuan dago. Azken honetan, etxejabeek desokupazio enpresa faxista bat deitu dute etxegabetzea aurrera eramateko; euren jarduna seinalatzea beharrezkoa da, langile klaseko zaurgarrienen aurka egiten baitute sistematikoki, mehatxu bidez edota biolentzia erabiliz.
«Historian zehar izandako lorpenek erakutsi moduan, borrokaren bidetik soilik etorriko dira aldaketak»
Amaia Fidalgo
Bide horretan, zer aldarrikatuko duzue azaroaren 11n?
Aranburu: Espekulazioaren eta errentismoaren aurka eta etxebizitza eskubide unibertsalaren alde aterako gara kalera. Oinarrizko beharrizana da etxebizitza, eta bermatutako eskubide erreal izan behar du. Horretarako, beharrezkoa da eraldaketa sakonak bultzatzea: espekulatzaileen etxebizitzak espropiatzea, espekulazioa bere adierazpen guztietan
debekatzea, eta bitarteko guztiak langile klasearen behar sozialen arabera planifikatzea.
Fidalgo: Dena den, badakigu kapitalismoaren baitan ezinezkoa izango dela eraldaketa hauek gauzatzea, estatuko legeek espekulazioa babesten dutelako definizioz. Historian zehar izandako lorpenek erakutsi moduan, borrokaren bidetik soilik etorriko dira aldaketak.
«Etxebizitzaren arazoari errotik heltzea eta antolatzea dagokigu»
Mattin Aranburu
Asanbladak egin dituzue eskualdeko herrietan.
Fidalgo: Greban parte-hartzea herrietatik prestatzeko egin ditugu Beasainen, Ordizian, Zaldibian, Lazkaon, Legazpin eta Urretxu-Zumarragan. Datozen egunetan, berriz, asanbladei jarraipena emateaz gain, ostiralean hitzaldiak antolatu ditugu Beasainen –18:30ean Goierriko Zentro Sozialistan– eta Legazpin –18:00tan Gernika plazan–.
Aranburu: Greban parte hartu nahi duten guztiak gonbidatzen ditugu asanbladetan parte-hartzera eta datozen egunetan egingo ditugun hitzorduetara hurbiltzera. Etxebizitzaren arazoari errotik heltzea eta antolatzea dagokigu.













