«Musika barruan eraman dudan zerbait da betidanik»
Eider Saezek (Lazkao, 1998) urriaren 30ean kaleratu zuen bere bigarren diskoa: Sorginkeria. Gaur disko berria zuzenean entzuteko aukera egongo da Villabonako Aljibe aretoan, 22:30ean.
Eider Saezek Sorginkeria diskoa kaleratu berri du.Andoni Clavo Eider Saez lazkaotarraren bizitza musikari lotuta egon da. Txikitatik musika eskolan aritu zen. Gerora, Nogen taldean ere abeslari aritutakoa da eta 2022an Saezek bakarkako bideari ekin zion. 2024an Nola aldatu gara? bere lehenengo diskoa kaleratu zuen, eta orain, bigarrengoa iritsi da: Sorginkeria. Hamar abestiz osatuta dagoen proiektu musikala da.
Zer sentitzen duzu diskoa atera eta lehenengo aste honetan?
Nire bigarren disko luzea da, eta diskoa ateratzeko prozesua desberdina izan da niretzat. Izan ere, disko honetan soinuarekin eta abestiekin jauzi bat eman dugula iruditzen zait. Horrek, zirrara berezi bat zortzen zidan jendeak nire lana entzuteko. Aste honetan mezu polit asko ari naiz jasotzen. Oso pozik nago.
Zenbat denbora igaro da lehen egunetik aurreko ostiralera arte?
Urte eta erdi gutxi gorabehera. Hala ere, hasieran ez ginen hasi disko bat ateratzeko intentzioarekin lanean. 2025eko udan abesti batzuk probatzeko ekoizle berriarekin, Txusorekin, hasi nintzen elkartzen ezeren ideia garbirik eduki gabe. Bat-batean ikusi genuen hiru bat abesti edo bagenituela. Hortik tiraka jarraitzea pentsatu genuen jada ideia garbiago batekin.
Denbora horretan nola kudeatu dituzu burua zuri gelditzen zitzaizkizun uneak?
Batetik, niri gustatzen zait denbora bat ematea egin dudan abesti, melodia edo zati horri. Egiten ari naizena utzi, arnasa hartu eta beste zerbaitekin hasten naiz. Bestetik, norbaiti laguntza eskatu eta ea berari zerbait bururatzen zaion.
Disko honen sortze prozesuan norbaiti eskatu ahal diozu laguntza?
Bai, adibidez, Zurekin abestian Lukenen lankidetza horrela sortu zen. Bigarren estrofa bat ez zitzagun asko gustatzen nola gelditzen zen, eta Lukeni esan genion etortzeko, ea zerbait bururartzen zitzaion. Luken etorri eta 15 minututan egin zuen eta grabatu egin genuen. Beste batean Aimarz-k ere lagundu zigun buruhauste batetik ateratzen. Azkenean, elkarlan hori beharrezkoa da.
Diskoak ‘Sorginkeria’ izena zergatik?
Nire bizitzan presente dagoen zerbait da. Nik sorginkeria ulertzen dut barne konexioarekin edo energiekin, ez horrenbeste sorginak mitologikoki ulertzen diren bezala. Izen berdina daraman abestia egin genuenean argi neukan diskoaren estetika horrek izan behar zuela; soinu eta lan aldetik. Sorgin hitza modu itsusian erabiltzen da. Orduan, horri esanahi negatibo hori aldatu nahi nion.

Sorginkeria abestiaren bideoklipeko argazki bat.Andoni Clavo
Hurrengo kotzerturik aurreratzerik bai?
Begira, juxtu gaur Villabonan kontzertu bat emango dut. Gero, Durangoko Azokan ere zuzeneko bat joko dut Ahotsenean, abenduaren 6an. Ondoren, urtarriletik aurrera gehiago izango dira.
«Plataformek artistak baloratzeko moduari eman beharko litzaioke buelta bat, huskeria bat ordaintzen dute eta»
Durangoko Azokan izango zara. Diskoa fisikoan ateratzea errentagarria al da?
Diskoa grabatzea bakarrik jada inbertsio bat da. Gainera, disko fisikoa atera nahi baduzu oraindik eta inbertsio handiagoa da. Guk disko fisikoa aterako dugu Durangoko Azokarako. Artista bati sekulako ilusioa egiten dio bere lana disko fisiko batean ikustea. Gaur egun, autoak ez dituzte diskoak entzuteko egiten, biniloekin berdin. Baina nire proiektua gehienbat plataformetarako eta kontzertuetarako dago pentsatuta.
Pena ematen dit baina horrela funtzionatzen du gaur egungo musikaren industriak. Plataformei bai eskatu behar zaiela musikaria behar den bezala baloratzea, huskeria bat ordaintzen dute eta.
Musikak zer esanahi du zuretzat?
Musika txikitatik barruan eraman dudan zerbait da. Musikari garrantzia emanez bizitzen ohitu naiz. Txikitatik musika eskolan apuntatu ninduten eta kantuan ibili nintzen. Gero, nire zaletasuna ere bada diskoak eta musika entzutea. Hortik etorrita naturala iruditzen zait nik ere musika egitea.
Eskerrak norbaiti eman nahiko zenizkioke?
Lehenik eta behin etxekoei, nekatuta edo blokeo momentu horietan jasaten nautenak direlako. Gero, Txuso ekoizleari proiektu hau berea ere badelako. Horretaz gain, disko honetan lagundu duten guztiei eskerrak eman nahiko nizkieke.













